Indartsu hasi du bere ibilbidea Durangoko Azokako 51. edizioak. Urtero legez, irailean Ikasle Egunerako izen-ematea zabaldu genuen eskola eta hezkuntza-zentroei begira. Ikasle Eguna azokako lehenengo egunean ospatzen da –aurtengo kasuan, beraz, abenduaren 2an–, eta ikasleek ikastaro eta tailer ugari izaten dituzte eskura Azokako gune ezberdinetan.

Bada, aurten Azokak 1100 lagunentzako jarduerak antolatu ditu Ikasle Egunaren baitan, eta bertan parte hartzeko 6265 eskaera jaso ditugu, hots, eskariak nabarmen gainditu du eskaintza. Iaz 4655 eskaera izan genituen, beraz, Ikasle Egunak gero eta interes handiagoa pizten duela baiezta dezakegu.

Eskaerak Euskal Herri osoko 55 ikastetxe ezberdinetatik jaso ditugu; gehienak bizkaitarrak izan dira, eta eskaera-kopurua handitu egin da Araba eta Nafarroaren kasuan ere. Lehen Hezkuntzako ikasleen artean ere eskaerak gora egin du modu nabarmenean. 1982. urtean antolatu zen Ikasle Eguna lehen aldiz, eta gero eta bisitari gehiago jasotzen ditu urtez urte.

Jasotako izen-emate guztien artean zozketa egin, eta lekuak esleituko dira. Hala ere, abenduaren 2an Azokako ateak parez pare zabalik egongo dira kulturaren plaza ezagutu gura dutenentzat. Hau da, Ikasle Egunera joateko ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea, izen-emateak jardueretarako bakarrik behar direlako.

Ikasle Eguneko eskaintza osoa honakoa izango da:

Ahotsenea Literatura: Fernando Morillo idazlearen "Izar Malkoak" liburua, Laida Martinez Navarroren "Zomorroen Kluba".

Ahotsenea Musika: Inun abeslariarekin tailerra eta kontzertua.

Areto Nagusia: Euskal Editoreen Elkarteak antolatutako tailerra: nola egin liburu baten iruzkina.

Plateruena: Euskal kantagintzaren kontzertua.

Kabi@: Programazio tailerra. Code.org eta scratch.mit.edu.

Saguganbara: Komikigintza tailerra Eñaut Aiartzaguenaren eskutik eta antzerki tailerra Karrika Dantza Taldearen eskutik.

Szenatokia: Proposamen koreografiko musikala.

Irudienea: Nola egiten dira marrazki bizidunak? Tailerra Zineuskadiren eskutik.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn