Durangoko Azokak publiko eta gustu guztietarako plana izango du aurtengo edizioan, 51.DA bizitzekoa baita! Parranda gogoz edo kontzertu handiez gozatzeko asmoz datozenek ere nora joan izango dute, noski. Plateruenan, berbarako, egitarau potoloa prestatu dute, eta izen handiko taldeak izango ditugu taula gainean: Willis Drummond, Zea Mays, Hesian, Skakeitan eta Bide Ertzean.

Sarrerak Plateruenako web orriaren salmenta atalean eros daitezke jada, ez geratu kontzertuez gozatu barik eta erosi hemen!

Willis Drummond taldeak abenduaren 2ko gaueko 23:00etan eskainiko du bere zuzenekoa, azaroan plazaratuko duen 'Tabula Rasa' diska berria ezagutara emateko. Bi urteko eten mugagabeari amaiera emanez, Baionako taldeak bueltan datoz eta Durangoko Azokan euren berri izateko aukera egongo da. Rafael Rodrigo kideak duela hilabete batzuk taldea utziko zuela iragarri bazuen ere, 'Tabula Rasa' albumarekin laukoteak berpizte bat iradoki nahi du. Sarrera: 10 euro.

Hurrengo gauean, abenduaren 3an ordu berberean Zea Maysek joko du. Taldeak, oinak lurrean mantenduta, garai berrietara moldatzen jakin izan du, euren publikoa handitzeko gai izan dira oztopo idiomatikoak saihestuta eta edozein artistaren erronkarik handiena gaindituta: disko berri bakoitzarekin zale gazteak euren entzuleriara gehitzea. Harro egoteko arrazoiak dira. Eta horixe bera da, hain zuzen ere, Zea Maysen estudioko zortzigarren diskoaren izena: ‘Harro’. Sarrera: 10 euro.

Abenduaren 4an 22:30ean, berriz, Hesian taldekoak ez dira bakarrik helduko Plateruenara. Euren 10. urteurrena dela eta, Etxarri Aranatzekoek hainbat lagun ekarriko dituzte eurekin batera 10 urte. 11 gonbidatu lelopean antolatu duten ekitaldira: besteak beste, Esne Beltzako Xabi Solano, Vendettako Pello Reparaz, 22M2ko Naroa Gaintza, Kaotikoko Jony, talde berdineko eta Puraposseko Aguayiko, Iheskideko Xagu, Goseko Ines Osinaga bertan egongo dira eurekin. Sarrera: 7 euro.

jendetza51DA

Hurrengo egunean Skakeitan taldearen txanda izango da, 23:00etan, eta gainera gonbidatu bereziak izango dituzte: Asier Beramendi (Eraul), Hodei Beitia (Arkada Social), Juantxo Arakama (Glaukoma), Xabi Solano (Esne Beltza) eta sorpresa gehiago… Skakeitan taldeak 'Galera' bere lan berria aurkeztuko du, urte bi pasa direnean euren aurreko diskoa aurkeztu zutenetik. Hasieratik nabari dira lan honek dakartzan aire freskoa eta esperimentaziorako ausardia, doinu elektronikoen presentzia, rocka, doinu jamaikarrak, hip hopa eta beste hainbat iturritatik edandako sorkuntza oparoa agerian utziz. Sarrera: 5 euro.

Bide Ertzean izango da Plateruenan joko duen azken taldea, abenduaren 6an. Kontzertua lehenago hasiko da azken egun honetan, 20:00etan, eta sarrera, gainera, debalde izango da. Hamazortzi urteko ibilbidea borobiltzeko, Jon Eskisabel kazetariak taldearen ibilbideari buruzko liburua osatu du: 'Zutaz kantatzeko'. Liburuak CD berri bat dakar bere baitan. Urteotan pilatutako bitxikeriez osaturiko diskoa: grabatu baina argitaratu gabe geratu ziren kantuak, bazterrean utzitako bertsioak, kontzertuetan zein irratietan eskainitako zuzenekoak, demo bat, remix bat eta bilduma honetarako propio grabaturiko bi abesti berri. Plateruena Kafe Antzokiko kontzertuan, ibilbide osoko kantuak eskainiko dituzte.

Benito Lertxundi, herriko frontoian

Plateruenako kontzertuez gain, herriko frontoian ere izen handiko kontzertu bat izango dugu: abenduaren 3an, 22:00etan Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan Benito Lertxundirekin gozatzeko aukera izango dugu. Kontzertua Gure Bazterrak produktorak antolatu du Durangoko Udalaren laguntzaz, eta sarrerak honako lekuetan eskura daitezke: Ezkurdi Jai Alai frontoiko tabernan, Txukun tabernan, Hitz paperdendan, Matienako Kali Ostendi tabernan eta Kutxabanken. Beheko gradan 25 euroan egongo dira salgai, eta goiko gradan 18 euroan.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn