Durangoko Azokako erakusleihoetan hamaika literatur nobedade izango ditugu eskuragai aurten ere: idazle hasiberrien lanak, izen handiko obrak, euskaratutako lanak, umeentzako ipuinak... Lan horien guztien artean Euskadi Literatura saria jaso duten lan gehienak ere izango ditugu gurean.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak banatu ditu gaur, urriak 19, sari hauen azken kategoriak. Euskal literaturaren kasuan, berbarako, Luis Gardek jaso du saria, Ehiztarien isilaldia (Pamiela) lanagatik. Lan honen ardatza Ezkabako ihesaldia da, eta Durangoko Azokan izango dugu eskuragai.

Euskarazko itzulpenei dagokionez, Xabier Olarraren Ulises (Igela) lana izan da saria jaso duena, hiru urteko lanari aitorpena eginez.

Gainontzeko saridunekin jarraituz, Mitxelko Urangaren Tartaroa. Mina, boterea eta egia saiakera liburua ere Landakon egongo da, euskarazko saiakera kategorian irabazle suertatu den lana. Lan hau Pamielaren standean ere topatuko dugu, eta liburu honetan Urangak gaur egungo gizartean bizi dugun paradoxa bat lantzen du sakonki: zoriontasuna ospatzen dugu, baina aldi berean honen behar gehien daukagu gizartean.

Ez da hortik urruti ibiliko argitaletxe berberak argitaratutako Fernando Mikelaren Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936 gaztelerazko saiakeraren saria irabazi duen liburua. Atzera begirada bat botaz, Mikelak Nafarroan Frente Popularraren bozkatzaileen proportziozko erailketa handiena eman zela baieztatzen du liburu honen bitartez, erantzuleak eta hauen praktikak identifikatu eta azpimarratuz.

Haur eta Gazte Literaturaren kategoriaren irabazlea Uxue Alberdiren Besarkada (Elkar) presente egongo da baita ere. Besarkadak ematea bezalako ekintza material batean, fisikoa eta arima nola uztartzen diren erakutsi nahi du liburuak, poesia eta fintasun kromatikoa medio hartuz.

Azkenik, Gabriela Ibarrak gaztelaniazko literatur saria jaso du El Comensal (Caballo de Troya) lanagatik.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn