Szenatokia gunea bor-borka izango dugu aurten ere. San Agustin Kulturgunean dagoen Azokako gune honetan arte eszenikoak dira protagonista, eta beste urte batez egitarau anitza eta osatua izango dugu ikusgai. Horren adibide dugu abenduaren 4ko arratsaldea. Egun horretan, 19:00etik aurrera, 'Mami Lebrun' antzezlanaz gozatu ahal izango dugu, Xake Antzerki Taldearen eskutik.

Kepa Errasti da obraren egilea, eta antzezlanean aktore lanetan ere parte hartzen du, Ane Pikaza eta Ainara Ortegagaz batera. Getari Etxegarai zuzendaritzaz arduratuko da, laguntzaile gisa Xabier Ormazabal duela.

Antzezlanak honako istorioa kontatzen du: Egoitz eta Miren amona Kontxaren Parisko gazte garaietako bizipen eta sekretuetan murgilduko dira, azken honen ganbaran aurkitutako egunoroko batzuen bitartez.

Antzerki honen prezioa 8€-koa izango da (bazkideentzat 6). Hala ere obra hau 'Francoren bilobari gutuna' (azken hau abenduaren 6an) antzezlanarekin batera ikusi ahal izateko bono bat ere eskuragai egongo da 15-ren truke.

Kepa Errasti eta Durangoko Azoka

Antzezlan honen aktore eta gidoilariak Durangoko Azokaren inguruan hitz egin du eta parte-hartuko duen obran zer aurkituko dugun esan digu.

'Durangoko Azoka' hitzak entzuterakoan, zer datorkizu burura? Abendua. Euskal kulturaren topalekurik garrantzitsuena. Jendetza.

Zure hitzetan, zer ekarpen, ideia, sentimendu eskainiko dituzu obra honen bitartez? Oso bizipen edo emozio pertsonaletan oinarritutako istorioa. Goxotasuna. Xake produkzioak taldearen estreineko lana. Espero dezagun gehiago ere etorriko direla...

Etortzen al zara Durangoko Azokara? Horrela bada, ze plan egiten dituzu etortzen zarenean? Bai. Umetatik. Urtero etortzen saiatzen naiz. Normalean egun bakarrean, egun pasa. Azken urteetan Topaguneak antolatzen duen Kameratoiko epaimahikide izan naiz gainera. "Aitona mantangorria" film laburra ere aurkeztu nuen hemen duela pare bat urte. 

 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn