Igaro da jada Durangoko Azokako 50. edizioa! Bost egun bete ekitaldi izan dira, bost egun bete emozio, bete nobedade, bete jarduera... Azokazale amorratuek, baina, ez dute urtebete itxaron beharko Azokaz gozatzen jarraitzeko. Aurten, 50. edizioa mugarri legez hartuta, Gerediaga elkarteak "Durangoko Azoka 1965-2015" liburua kaleratu du, mende erdiko ibilbidea batuz. Jesus Mari Arruabarrena, Txelu Angoitia eta Joseba Sarrionandia dira lanaren egileak, eta horrelako bilketa-lana egiten den lehenengo aldia da.

Liburua Azokan salgai egon zen eta harrera ona izan zuen; orain Gerediaga elkartearen egoitzan (Larrasoloeta, 3. Durango) eta liburudenda nagusietan eros daiteke, 20 euroren truke.

Portadaren egilea Jose Luis Zumeta da, Azokako aurtengo kartela moldatuz. Liburuak 255 orrialde ditu eta elebiduna da; euskarazko parteak hartzen du nagusitasuna liburuko orri gehienetan, eta gaztelerazko bertsioa amaieran gehigarri modura erantsita dator.

Liburua saiakera formatuan idatzita dago, baina irakurterraza eta dibulgatiboa da. Lan bisuala da eta maketazio aldetik erakargarria, zaindua: lasaitasunez irakurtzeko liburu bat da, gozatzekoa, eta, gordetzekoa. Euskal Herriko historiaren zati garrantzitsu bat biltzen duen lana da; euskal kultura eta Azoka bera barrutik ezagutzen eta ulertzen lagunduko duen liburua.

Liburuan hiru 'unibertso' batzen dira: Mundutik Azokara, Azokatik Mundura eta irudiak.50DAmix

- Mundutik Azokara. Lehenengo unibertso horretan, Mundutik Azokarako hurbilketa egiten da: nazioartean eta Euskal Herrian 1965tik 2015era arteko gertakariak jasotzen dira (politika, ekonomia, kultura...), eta horiek denak Azokarekin lotzen dira. Hau da, Azokaren historiari testuingurua eta markoa jartzen zaio, oso perspektiba berezi batetik. Joseba Sarrionandia da egilea, eta egilea busti egiten da: bere ikuspegi pertsonala ematen du, gordinean, lehenengo pertsonan, gertutasunean. Saiakera ausarta da, beraz: irakurleak orain arte irakurri ez duen Sarri topatuko du. Fikziotik urrun, errealitatera jauzi eginez. Horrez gain, saiakera mamitsua ere bada: datu ugari biltzen ditu, bitxikeria ugari... Zer pentsatua emango duena.

- Azokatik Mundura. Bigarren unibertso honetan, Azokaren hastapena, aireratzea, egonkortzea eta modernizatzea jasotzen da. Jesus Mari Arruabarrenak Azokaren sorreran eta ibilbidean parte hartu zuten hamar lagun elkarrizketatu ditu, euren lekukotzak jasoz eta urte horietako giroa liburuan bilduz. Gaur egungo Azoka ulertzen lagunduko digun kontaketa, eta etorkizunekoa eraikitzen ere lagunduko duena.

- Hirugarren unibertsoan, irudia izango da nagusi. Txelu Angoitia da egilea, azken 15 urteetan Azokako argazkilari izandakoa. Azokaren ikuspegi artistikoa erakutsiko digu, eta kulturaren plaza beste begi batzuekin ikusteko aukera izango dugu. Gaur eguneko erretratuez gain, argazki historikoak ere bildu ditu (Azoka elizpean antolatzen zenekoa, merkatuan...) edizio guztietako kartelak eta abar. Gerediagako artxiboko argazkiez gain, Deiako artxibokoak ere agertzen dira. Transmititzen duten argazkiak dira, Azokaz kutsatzeko aproposak.

Liburu hau BBKren lankidetza bereziari esker kaleratu da.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn