48. edizioan Eskozia da herrialde gonbidatua, eta arlo politiko nahiz kulturala landuko da egunotan. Gaur, esaterako, Independentista sareak antolatuta, Areto Nagusian Eskozia: independentziara bidaia XXI. mendeko Europan liburua aurkeztuko dute 12:00etan. Ondoren, mahaingurua egongo da: "Eskoziatik Euskal Herrira, autodeterminazio prozesuak" izenburupean.

2014an iragarrita dago Eskoziako autodeterminaziorako erreferenduma. Mahai-inguruan kontsulta horretara iristeko eskoziarrek burutu duten bidea, bete dituzten baldintzak eta alde izan dituzten faktoreak aztertuko dituzte. Euskal Herrian balizko autodeterminazio kontsulta bat izateko dauden oztopo eta abantailak, eta Herrialde Katalanetako prozesua ere izango dituzte berbagai. Hizlariak Iñigo Urrutia, Asier Blas, Jule Goikoetxea eta Txente Rekondo izango dira, eta moderatzaile lanetan Zelai Nikolas arituko da.

Hori bukatuta, 13:30ean, Plateruenan mokadu batekin Eskozia eta Euskal Herria lotzen dituen ikusentzunezkoa eta bertsoak ikusteko aukera egongo da. Bihar, ostera, kalejiran ibiliko da John Stewart gaita jotzailea. Euskal Herrian bizi da 2002 urtetik. Frantzian, Estatu Batuetan, Kanadan eta Arabia Saudin eskaini ditu kontzertuak.

Igandean, Catriona Lexy Campell egongo da Szenatokiaren hallean, 17:30erako prestatu duten mahainguruan. Eskozian antzezlanak gaelikoz egiten dituen elkarte bateko arduraduna da Lexy Campell, eta Arte Eszenikoen plazara gonbidatu dute, Oier Guillan gipuzkoarrarekin eta Ixabel Etxeberria lapurtarrarekin batera, egoera politikoak antzerkiarengan duen eraginaz eta antzerkigintzak politikan izan dezakeen eraginaz hitz egiteko.

 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn