Durangoko Azoka bere laugarren eta azken egunera helduko da gaur, atzokoan ere bisitariz lepo egon ostean. Azken eguna izan arren, gaur ere ez da ekitaldirik faltako Azokako gune guztietan.

Ahotseneako zuzenekoetan oso proposamen ezberdinak egongo dira: Gorribaltz taldearen elektropunk doinuak, Hil Norbait taldearen metal fantasia, Revolta Permanent taldearen "Lobotomiak"... 14:30ean EHZ jaialdiaren hurrengo urteko edizioa aurkeztuko da. Solasaldietan, Lorea Agirre, Idurre Eskisabel, Mari Luz Esteban, Castillo Suarez, Pello Zabala, Jon Iñaki Lasa eta Joxemari Iturralde batuko dira, besteak beste.

Areto Nagusian, 10:30ean Azokaren eragin ekonomikoaren azterketa aurkeztuko da, Siadecorekin batera. Ondoren, Gorka Egia autoekoizleak "Ekologista naiz baina..." gida aurkeztuko du eta 16:30ean Loraldia jaialdiaren edizio berria.

Irudienean, 12:00etan "Lur eta Amets" haurrentzako filmaren lehenengo irudiak aurkeztuko dituzte eta 13:30ean "Ez, eskerrik asko, Gladysen leihoa" dokumentala. 18:00etan DemaS.A lehiaketaren emanaldia eta sari-banaketa egongo da.

Kabi@n egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizean protagonismoa burujabetza teknologikoak hartuko du, eta arratsaldean, besteak beste, "Egunean behin" aplikazio arrakastatsua aurkeztuko dute. Egitaraua ixteko, "Mauriziak ez du inor hil" kontzertua egongo da 18:00etan, Ines Osinaga eta Lorea Argaraterekin.

Saguganbaran, egunero bezala, hamaika proposamen. "Aldo musikari" ipuin kontaketa, "Lo Potolo" lotara joateko ipuinak, "Poesiaren misterioa" olerki xuxurlatuak, "Herensugeen itzulera" liburuaren aurkezpena eta abar. Szenatokian, Dantza eta Antzerki jaialdiaren bigarren eguna ospatuko dute, zortzi emanaldirekin, hiru talderen eskutik: Krego Martin Dantza, Haatik Dantza Taldea eta Abarka Antzerki Taldea.

Azokako azken emanaldia, urtero bezala, Plateruenan izango da, 20:00etan, Maider Zabalegiren kontzertuarekin (doako sarrera).

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn