Momentua heldu DA! Goizeko 10:30ak jo orduko, Landako Guneko ateak ireki dira eta Euskal Herri osoko milaka ikasle Landako Gunera eta Azokako gainontzeko espazioetara sartu dira. Arymux artista taldeak ireki ditu ateak, zeinu-hizkuntzan egindako ikuskizunarekin. 

Ateak ireki eta ikasleak Azokak antolatutako tailerretan parte hartzen hasi dira: antzezlan bat sortzeko hasierako urratsak, kaligrafia tailerra, euskal kantagintzaren transmisioa, liburu bat sortzeko prozesua eta abar. Aldi berean, Musika Eskolan DA-PRO egitasmoaren lehenengo edizioa ospatu da, eta musikariek aurkezpenak egin dituzte programatzaile eta diskoetxeen aurrean.

Gaur Ikasle Goiza antolatu den arren, Azoka publiko orokorrarentzat irekita dago, hau da, azokazaleek Landako Guneko erakusmahaiez eta Azokako gune guztiez gozatzeko aukera izango dute egun osoan zehar.

Eguerdian Azokako ohiko programazioa hasiko da. Ahotseneako zuzenekoen karpan, Mockers, La Basu, Oreka Tx, Iñorkiñak, Xabi Bandini, Xatiro, Willis Drummond eta Sharon Stoner taldeak arituko dira. Solasaldien gunean, bere aldetik, sortzaile ugarik parte hartuko dute: Yolanda Arrieta, Asel Luzarraga, Iñigo Astiz, Maite Mutuberria, Felipe Juaristi, Mikel Markez, Miren Agur Meabe eta abar.

Areto Nagusian lehenengo aurkezpenekin hasiko dira 13:30etik aurrera, eta hainbat gai jorratuko dituzte: Kikarakada proiektua, EuskarAbentura 2020, Bizkaiko egoitzetako grebalarien testigantzak, Alex Txikon mendizalearen "Mundu bat motxilan" eta abar.

Irudienean Ipar Euskal Herriko ekoizpenak izango dira protagonista: "Hiru uhinak" dokumentala, "Ito" fikziozko film labur kolektiboa, "Tantaka" websaila... Kabi@n proiektu oso interesgarri bi aurkeztuko dira: ZUT aldizkari digital multimedia eta IXA websaila alde batetik; eta bestetik Hirikilabs egitasmoa.

Saguganbaran, areto handian oso aurkezpen ezberdinak egongo dira: Xapoketan karta-jokoa, Xaxardi haurrentzako ipuinaren aurkezpena, Kokojoko bideo-jokoa eta abar.

Urtero bezala, eguna Plateruenan amaituko dugu. Lehenengo gau honetan Arabako ska doinuak izango dira protagonista: ETS En Tol Sarmiento taldeak "Aukera berriak" lana aurkeztuko du (8 euro webgunean eta 10 euro txarteldegian).

Durangoko Azokako antolakuntzak dei egiten die bisitariei garraio publikoa erabiltzeko Durangora etortzeko. Euskotrenek, adibidez, zerbitzu bereziak eskainiko ditu abenduaren 6an, 7an eta 8an.

Autoa erabiltzekotan, azokazaleek doako autobus-zerbitzua izango dute Iurretako peaje alboko aparkalekuetatik Landako guneraino, 20 minutuko maiztasunarekin, goizeko 10:30etik 20:00ak arte.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn