Susmoa dut ez ote gauden beti iragan minez edo etorkizunak zer ekarriko galdezka, gaur gertatzen dena bizi, gozatu eta hobetu beharrean

Lekunberrin orain hamabost urte sortutako taldeak azken diskoa kaleratu zuen irailean. Berri Txarraken azken lana da Payola. Gorka Urbizuk erakutsi dizkigu euskal rockaren erreferente den taldearen zirrikituak. Zirrikitu zaharrak eta berriak.

Susmoa dut ez ote gauden beti iragan minez edo etorkizunak zer ekarriko galdezka, gaur gertatzen dena bizi, gozatu eta hobetu beharrean

Jakin dugu dagoeneko, Platerueneko kontzerturako sarrerarik ez dela geratzen. Payola fenomenoa. Lau urte generamatzan lan berririk kaleratu gabe, mundu erdia iragan duen itzal handixeko bira batetik bueltan... Ziurrenik horrek jakinmina areagotu du eta jendea zuzeneko berrien gose zegoela dirudi. Disko bat kaleratzean beti zaude apur bat sensible, jendeak nola hartuko duen eta. Payolak oso abiatze sendoa izan du alde horretatik.

Hamabost urteko lanak seigarren lan hau, berezi egitera eraman zaituzte. Nora eta Chicagora. Lehen aldia da prozesu osoa Euskal Herritik kanpo egiten duguna eta behin horretara jarrita, grabatzeko moldea erabat aldatzeko une aproposa zela iruditu zitzaigun. Albini aukeratu genuen horretarako eta klasikoek bezala grabatu nahi izan dugu, jakin arren egun ez dela aukerarik erosoenak: analogikoan, 16 pista huts erabiliaz, astebetean grabatu eta nahastu, gela batean denok batera... Esperientzia itzela izan da eta proba gainditu dugulakoan gaude.

Zerekin itzuli da Payola diskoa? Kate moduko bat izan da, batak ekarri du bestea. Alegia, kantuek sortzetik zuten kutsu primitibo hori mantendu nahi genuen, grabaketan goxatu gabe. Horretarako Albini zen izenik egokiena eta soka horretik tira egiteak, grabaketa antigoaleko erara burutzea ekarri zuen. Ziurrenik ez da mundu guztiaren gustuko erabakia izango, baina senak horixe agintzen zigun.

Zer esanahi du Payolak? Payola da Tom Waitsen biografian deskubritu genuen spanglisheko hitz bat. Irrati esatariari eskupekoa ordaintzea esan nahi du, zure musika maizago jar dezan. Deigarria egin zitzaigun eta bestalde, zentzu orokorrago bat emanez, eroskeriari buruzko gogoeta bultzatzeko balio zezakeela ikusi genuen. Payola da errege politikagintzan, esaterako. Nafarroako eta Euskadiko azken Gobernuak nola sortu diren ikustea besterik ez dago.

Urte guztiotan talde bera mantentzeak ere lana emango du. Zenbateraino transformatu da Berri Txarrak taldea? Guk ere izan ditugu gure aldaketak, azken 5 urteetan batez ere. Nazioarteko biretan murgiltzeak lan eta denbora asko exigitzen du eta gure taldekide batzuk taldea uztea erabaki dute, euren familia eta bizitzeko moduarekin partekatzeko zaila zelakoan. Hasierako espirituak hortxe darrai, baina. Ibilbide luzeak gero eta gehiago estimatzen ditugu, berehalako emaitzak lehenesten diren garaiotan.

Baina dokumentalik ere egon da tartean: Zertarako amestu. Zerekin eta zertarako amesten duzue gaurko musikariek? Ametsak ahaztu eta lanean jartzea izan zen gure hautua Jaio.Musika.Hil kaleratu genuenean. Dokumental horretan rock talde batean egoteak zer suposatzen duen erakutsi nahi genuen, handikeriarik eta iragazki handirik gabe. Askotan "arrakasta" hitzaren bidez horren atzean dagoen guztia ezkutatu nahi dela ematen du.

Euskal Rockak bere ibilbidea egin du, batzutan gora, besteetan behera. Nora bidean da orain? Susmoa dut ez ote gauden beti iragan minez edo etorkizunak zer ekarriko galdezka, gaur gertatzen dena bizi, gozatu eta hobetu beharrean. Talde on askoak daude inguruan baina jendea alper xamar ikusten dut horiei arreta eskaintzeko.

Zuen lana azken urteetan behintzat Euskal Herriaz gain, nazioartean sortua eta nazioartera eramana izan da. Gure lana Euskal Herrian sortzen da, gu euskal taldea gara baina endogamia horretatik irteten saiatzea inportantea iruditzen zaigu, guretzat eta hein batean gure ondoren etorriko direnentzat. 15 urteren ondoren guretzako ez luke inongo gatzik etengabe Bilbon edo Tolosan jotzen aritzeak. Kanpoko esperientziak asko laguntzen dizu gauzak baloratzen, besteak beste etxean dugun publiko fidela, urtetan hainbeste eman diguna.

Kantuez eta kontuez bizi izan dituzue zuek Azoka egunak. Musikariek zenbat lan duzue abenduko egun hauetan? Maitasun-gorroto moduko sentsazioak ditugu azokarekiko -zenbaitetan itogarri egiten da-, baina azken batean garrantzitsua da nork bere lana bertatik bertara babestea, erosteko prest dagoen entzulegoa eskertzeko modua ere bada.