"Barrea: egunero hain kopetilun ez ibiltzeko ariketa da"

Andoni Agirregomezkortak urte asko daramatza umoregintzan, nahiz eta aitortzen duen bezala nolabaiteko etekina ateraz zortzi-hamar urte izango diren. Umorea nagusi izango duen Azoka honetako sarrera hitzaldirako zer prestatuta ekarriko duen antolatzaileontzako ere ezezaguna da. Baina barrea eragingo omen digu.

Irekiera ekitaldiko diskurtsoa

Umoregintzan noiztik?

"Pailazokeriatan" duela 36 urtetik, baina zortzi- hamar bat urte izango dira nolabaiteko etekina ateratzen diodala.

Euskal umorerik badago?

Euskaldunek euskaldunentzako egindako umorea dagoela argi eta garbi esan daiteke baina euskal umorea.... Agian egunen batean zenbait arazo politiko potolo umorez jorratzeari "Euskal umorea" esango zaio, eta orduan sortzaileen artean egon ginela esan ahal izango genuke, baina gaur egun ez dut uste euskal umoreaz hitz egin dezakegunik, bertsotakoa ez bada behintzat!

Zerk eragiten dio Andoniri barrea?

Gauza askok. Badira makina bat gai mundu honetan serioak direnak baina gai horiek eta gure artean behar bezalako tartea uzten badugu, dena beste ikuspegi batetik ikusten badugu, ez da hain zaila barrea, edo irribarrea besteri ez bada ere, eragingo digun zerbait topatzea. Egunero hain kopetilun ez ibiltzeko ezinbesteko ariketa dela esango nuke.

Telebistako umore saioak arrakasta handia dauka. Zergatik izan daiteke?

Gertutasunetik egindako umorea delako eta, lehen esan bezala, zenbait gai serio eta potolo umorez jorratzen ditugulako, euskal gizarteak urte luzetan ikuspegi serio batetik besterik ikusi ez dituen gaiak.

Baten bat haserretu zaizue inoiz?

Gure saio honetan beti gabiltza umore zorrotza egiten, eta batzuetan umorea eta errespetu falta banatzen dituen mugatik oso gertu. Noizbait norbaiten sentikortasuna zauritu ahal izan dugu baina ez da inoiz ezer larria izan. Kasu horietan barkamena eskatu eta aurrera.

Guztiaz egin daiteke umorea?

Ez, lehen aipatutako muga horretatik gertu gabiltza baina ez da igaro behar eta gai batzuk mugatik bestaldera oso urrun daude.