Euskara eta euskal kultura Interneten, sarean egotetik sarekide izatera bidean
2009-12-08 ¦ Gerediaga
Elkartegian azokaren balorazio positiboa egin dute Jon Irazabal eta Nerea Mujikak. Jarraian eman zaio hasiera .eus eta .cat domeinuen hitzaldiari.
Jon Irazabal azokako zuzendariak dionez, “azoka oparoa” izan da aurtengoa ere. Jendetsu izan da, baina kopurutan eta konzentrazioan egunetan zehar banatuagoa egon da. Bost egunetan zehar, larunbatean ohikoa izaten den jende pilaketa itogarria, aurten lasaitu egin dela aipatu dute. Baina astelehenak esaterako, jende betekada batekin harritu zituen antolatzaileak.
Ehundik gora ekitaldi antolatu dira bost egun hauetan, eta modu honetan, azoka saltzaileentzako esparru izateaz gain, sortzaile, artista, zaletu eta ikusentzuleentzako espazioak ere ohiartzun handia izan du.
. eus domeinuan, etenik ez
Iratxe Esnaola (.eus elkarteko koordinatzailea), Nacho Amadozekin (.cat fundazioko abokatua) batera hurbildu da goizean, bi proiektuak ezagutarazi asmoz. 2006an abiatu zen .cat-eko esperientzia, eta hiru urteetan 40.000 domeinu eskuratu ditu domeinu katalanak. Urtez urte hobetzen joan den domeinua dugu eta .eusk elkarteak, .cat-ek jarraitutako bide bera egiten ari da Iratxe Esnaolak esan duenez.
ICANN nazioarteko domeinuen koordinazio eta kudeaketaz arduratzen den elkartearekin hartuemanean daude horretarako. “Baina bide luze eta konplexua da” euskara eta euskal kulturaren domeinua eskuratzea. Beste gehientsuenek bezala, urteetako prozesu bati eman zitzaion hasieran 2008ko apirilaren 2an “.eus elkartearen osaketarekin”. Euskara eta euskal kulturaren komunitatea, “Sarean egotetik izatera pasatzeko helburua” dutela azpimarratu du Esnaolak, “Interneten bidez, euskara eta euskal kultura muga geografikorik gabeko komunitate izatera pasako da, mundu mailan zazpi milioi eta erdi euskal hiztunek erabili ahal izango dugularik”.
30 elkartetik 50era
Jada 50 elkarteko beteko dute .eus elkartearen zerrenda eta ateak zabalik dituzte. Irabazi asmorik gabeko eragile honek ordea, ez du egutegi finkorik gaur gaurkoz. Hala ere, “egutegia finkatzeke dagoen arren, lanean jarraitzen” dute eta ICANNen barne eztabaidagaien artean dago domeinuak eskuratzeko prozedura azkartzea. Prozesua arintzeko esperantzaz dira .eus-en.
. cat elkarte izatetik fundazio izatera salto egin zuen domeinua eskuratzearekin batera. Bide berean, .eus elkarteak ere irabazi asmorik gabeko fundazio bihurtzeko urratsak emango ditu. Noiz, ordea, ezin jakin.

