« Itzuli albistegira

Musika katalana eta euskalduna eskutik helduta doaz, atzo eta gaur

2009-12-07  ¦  Gerediaga

Marc Biosca eta Joseba Martin arduratu dira musikarien arteko loturak eta desberdintasunak azaltzen. Haien hitzetan, historian zehar bi kulturen arteko zubiak aurkitu litezke edonon.

Musika katalana eta euskalduna eskutik helduta doaz, atzo eta gaur

Marc Biosca (Lleida, 1980) Soziologia eta Politika Zientzietan lizentziatu zen Bartzelonako Unibertsitatean, eta Eusko Ikaskuntzak eta institut d’Estudis Catalans erakundeek emandako diru laguntzari esker, 2006garren urtea Euskal Herrian pasa zuen. Euskal kultura garaikideko eragileekin harremanetan jarri eta nazio-identitatearen eta kantuaren inguruko azterketa egin zuen. Ikerketa horretatik abiatuta kaleratu du Alberdaniak aurten itzuli duen saiakera: “Zergatik haiek deitzen diote Euskal Herria eta guk Itaca?“.

Joseba Martin, berriz, “La Jungla Sonora” programa gidatzen duen Radio Euskadiko esatari ospetsua da. Euskal errealitateaz eta kataluniarekiko loturez aritu da bere mintzaldian. Eta tarte honetan Mikel Laboa, Gorka Knörr eta Jabier Muguruzak, besteak beste, katalunian izandako bizipenak eta musikari gisa garatzeko izan duten eragina azpimarratu du.

Hamaika adibide eta izen aipatu ditu jarraian Joseba Martinek, katalan kulturarekin harreman estua izan dutenak: Ruper Ordorika, Rafa Rueda, Maddi Ohienart, Ken Zazpi, Oreka TX, esaterako.

Kultura berdinak eta ezberdinak

Marc Bioscak errealitate soziopolitiko eta kulturalaren errepasoa eginez, errepublika garaietatik frankismora arteko zentsura urteak gogoratu ditu. Hirurogehita hamarreko hamarkadatik aurrera, musikagintzako espresioak transizioaren adierazpen iturri izan ziren. Oraindik zentsura presente zegoen garaietan, Bioscak dioenez, musikak eta musikariek ideiak eta edukiak zabaltzeko zeuden beharrak betetzen zituzten.

Hala eta guztiz ere, ezberdintasunak ere badira lleidarraren ustez “euskarazko kantuek maiz kantatzen diote euskarari, katalanezko kantuek ordea ez”. Bestalde, musikagintza katalanak Bartzelonako erreferentziagunetik, herrialde katalanetara hedatzeko joera du; eta Euskal Herrian ostera, herrialdez herrialde sortutako kantuek beste herrialdeetara istoriak zabaltzeko erraztasunak eman ditu.