« Itzuli albistegira

Egunkariaren aldeko geldialdia, beste hainbat ekitaldi eta aldarrikapenen artean

2009-12-06  ¦  Gerediaga

Azoka hustu eta plaza bete lemapean, eguerdiko 12etan ordu laurdeneko geldialdia egin dute "Egunkaria libre!" ekimenera atxikitu diren ehundaka lagunek.

Egunkariaren aldeko geldialdia, beste hainbat ekitaldi eta aldarrikapenen artean

Gerediaga Elkartea, Euskal Editoreen elkartea, Euskal Idazleen Elkartea eta Galtzagorri Elkarteak, besteak beste, elkarretaratzearekin bat egin dute. Pankarta eusten izan dira hainbat kide. Lehen lerroan zeuden, Joan Mari Torrealdairekin batera, Jon Irazabal eta Josep Bargalló ere.

Ordezkari katalanak adierazi du denok izan behar dugula eskubidea garenak izateko, libre pentsatzeko, erabaki eta adierazteko. Jon Irazabalek bere aldetik, gogoan izan du, Euskaldunon Egunkaria orain 19 urte sortu zenetik, Gerediaga Elkarteak lotura zuzena izan duela euskarazko proiektu honekin. 15 minutuko elkarretaratzea txalo zaparrada batekin bukatu da.

AHT aren aurka eta Euskal Presoen eskubideen alde

Aldarrikapen bakarra ez da izan ordea, Egunkariaren Elkarretaratzea. Etxeratek bultzatutako presoen eskubideen aldeko kontzentrazioak hamarnaka lagun bildu ditu Landakoko plazan. AHT gelditzeko ekimenak, hala ere, ohiartzuna izan du eguerdian. Izan ere, Landako etorbidean geralekua zuen autobusera bi lagun igo dira pankarta zabalduz. Jakin dugunez, EREak kaltetutako langile batzuek ere protesta egin dute gaur goizean, eta horrez gain, Unibertsitateko irakasle kaleratuek urteroko presentziaz bete dute sarrera nagusia.

Kantuez eta kontuez

Bere lan berria aurkezteko parada izan du, bestalde, Mikel Urdangarinek Ahotseneako karpan. "Zubia" izeneko bederatzigarren diska, soinu berriez margotu nahi izan du oraingoan. Giza harremanak ardatz izanik, talde lanak izan duen garrantzia azpimarratu du zornotzarrak. Berarekin lanean aritu dira besteak beste, Unai Iturriaga, Bingen Mendizabal eta Rafa Rueda.

Haur Literatura Aretoa lau urtetik gorako neska mutilekin bihurtu da pailazoen eskenatoki berria. Pantxika eta Txinparta pailazoek, zalaparta ederra egin dute bildutako 50 bat umeren irri eta ohiuekin.