44. edizioaren kartela aurkeztu da
30-09-2009 ¦ Gerediaga
Durangoko Liburu eta Disko Azokaren 44. edizioaren kartela aurkeztu da. Hirugarren urtez, kartela lehiaketa sistema bitartez aukeratu da, guztira 55 proposamen jaso direla, aurreko urtean baino 20 gehiago.
Kartel irabazlearen egilea Lur Merino sortzailea izan da. Astrabuduako (Erandio, Bizkaia) diseinatzailea Arte Ederretan lizentziaduna da, eta bere ibilbide profesionalean publizitate agentzia eta komunikabide ezberdinetan lan egin du, gaur egun freelance bezala aritzen delarik.
Azpimarragarriak dira, zenbait lehiaketetan jaso dituen sariak eta aipamenak, besteak beste: - Gasteizko Andre Maria Zuriaren Jaietako kartelaren irabazlea, 2000 urtean. - Doctor Deseo taldearentzat “Sexo, ternura y misterio” diskoaren diseinua, 2008an. - Carsa Arte (Certamen Nacional de Pintura Arte y Tecnología) lehiaketaren 5. edizioan lehenengo saria, 2009an.
Aurtengo kartela aukeratu duen epaimahaia diseinu, komunikazioa eta arte plastikoetako ondoko profesional hauek osatu dute: Txelu Angoitia, argazkilaria; Pedro Mª Basañez, arkitektoa eta EHUko irakaslea; Nerea Mujika, Gerediaga elkarteko lehendakaria; Beatriz Pi, diseinatzailea; eta Imanol Larrinaga, artista plastikoa.
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 44. edizioaren kartel lehiaketa irabazteagatik, Lur Merino-k 1.300 euroko saria jasoko du. Azkenik gogoratzea, aurten azoka abenduaren 4tik 8ra ospatuko dela.
Zure eskura dago / Al alcance de tu mano
“Zure eskura dago” autoreak aukeratutako lema duzu; eta honakoa bere azalpena:
“-Zure eskura dago / Al alcance de tu mano- leloaren bidez jendeari azokara joateko gonbita luzatu nahi diot; kulturan inbertitzea guztion eskura dagoelako, ez pentsa hain garestia denik”
Diseinua eta irudiari buruz, bestalde, honako hau esan digu: “44. ediziorako irudi indartsu bat nahi nuen. Elementu grafikoen ekonomia dago (tipografia, marrak eta kolore bakar bat) krisialdiak jota dagoen gaurko sasoiarekin bat etortzeko eta, gainera, gaur egun mezu ez beharrezko eta aleatorioz mukuru dagen inguru batean hobeto nabarmentzeko”
Mezua berak kartelaren irudia osatzen du. Tipografiak bereganatzen du protagonismoa, eta bere antolamenduak liburu eta diskoen azokari buruz egiten digu berba. Hizkiak bere gainean jartzen diren marra horizontalak apalak lirateke, eta irudi osoa liburuen apalategia.
Konposizioan azokaren zenbaki ordinala nabarmentzen da, 44, zeina beheko aldean irauli egiten da, nahi dugun disko edo liburu eskuragarri egingo digun eskailera sortuz.
Asmoa nuen irudi deigarri eta pregnantea egitea. Informazioa modu argian ematen da, distrakziorik gabekoa. Testu beltza hondo zuri baten gainean egoteak urrutitik irakurtzea errazten du, eta tinta bakarraren erabilerak produkzioa merketu.
Azkenik, estetika aldetik, esatea XX mendearen hasierako Austriako kartel modernistei keinu bat egiten zaiola; kartel hauetan lerro horizontalak hizkien oinarri bezala erabiltzen ziren eta testua banatzeko konposizioan zehar”.

