« Itzuli albistegira

Kultura kataluniarra izango da gonbidatua 2009ko Durangoko Azokan

2008-12-08  ¦  Lekukom

Gerediaga elkarteko lehendakari Nerea Mujikak aurreratu du Quim Monzo idazle kataluniarrak eta Ramon Llull institutuko zuzendari Josep Bargallók egin duten hitzaldiaren aurkezpenean. Bernardo Atxaga solasaldiaren gidari izan da eta baieztatu dutenez, 44. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak kataluniarrez sortzen den literatura erakutsiko du.

Kultura kataluniarra izango da gonbidatua 2009ko Durangoko Azokan

Ez du ohitura moduan Gerediaga elkarteak azoka bat amaitu aurretik hurrengoaren gaineko xehetasunak ematea, baina aurten “hizkuntza txikiak, literatura handiak” hitzaldiaren aitzakian, aurreratu egin dute gerediagarrek, ari direla Ramon Llull institutuarekin hartu-emanetan eta haiek ere interesez hartu dutela gonbita eta izango direla Durangon 2009an.

Hitzaldi benetan interesgarri eta entretenigarria egin dute hiru solaskideak, jendez bete den Elkartegiko aretoan. Ramon Llull institutuak egiten duen lanaren berri eman du Josep Bargellók. Azaldu duenez, Katalunian sortzen den kultura munduan zabaltzea du helburu eta horretarako marketing plataforma modura aritzen da. Aurten, esaterako, Frankfurteko liburu azokan izan dira kataluniarrez sortutako literatura saltzen. Hizkuntza txiki baten sortuta izanagatik ere, itzulpengintzak merkatu berrietara zabaltzeko ematen duen aukera aprobetxatzea du helburu eta horretarako beste hizkuntza horretan aritzen diren argitaletxeekin tratuak egiten aritu dira, izan ere, itzulpenak egiteko eta lan horren zabalkunderako laguntza ekonomikoak ere ematen ditu Institutuak.

Duda barik, euskal literaturan ari diren sortzaile, editore, argitaletxe, liburu saltzaile, diru-laguntzak ematen dituzten erakunde eta arlo horretan aritzen diren agente guztientzako esperientzia interesgarria da Josep Bargalló azaldu duena. Bernardo Atxagak berak ere gogoratu duenez, interesgarria izango da Etxepare Institutua martxan jartzeko orduan.

Europako hizkuntza itzulpena da

Umberto Ecok Europako hizkuntza zein den galdetu ziotenean emandako erantzuna aldarrikatzeko erabateko asmoa duela aitortu du Quim Monzók: “Europako hizkuntza itzulpena da”. Txikitasun konplexuak gainetik kendu behar ditugu eta hizkuntza txikietan egiten diren sormen lanek hizkuntza handiagotan sortzen diren arazo berbera dutela ikustera heldu: beste hizkuntza baten aritzen direnek ezin dutela ulertu. Hortaz, arazoa berdina izanik, itzulpengintza da soluzioa. Aitortu dute Monzók eta Bargallók, Kataluniaren kasuan, estatu baten babesik ez izatea arazo dela, baina hain justu horregatik ezinbesteko dela Ramon Llull institutuaren moduko egitasmoak.

Datorren urteko azokan, hortaz, katalanez sortu eta euskarara itzuli diren lanak eskuratzeko aukera izango dugu Durangoko Azokan. Eta, eskaintza hori zabaltzeko aukera ere izango dela adierazi du Bargallók: “itzulpenak egin nahi dituen argitaletxeren bat izango balitz, guk laguntza moral, pertsonal eta, balio gutxiago duen, ekonomikoa ere emango diogu”.