« Itzuli albistegira

Azokaren balorazio ona egin du Gerediaga Elkarteak

2008-12-08  ¦  Lekukom

Gaur goizean, Azokak ateak izteko jadun osoa falta denean egin du Gerediaga Elkarteak 43. edizioaren balorazioa.

Azokaren balorazio ona egin du Gerediaga Elkarteak

Antolaketa arlotik, aurreikusitako ekitaldiak normaltasunez egin dira. Iragarrita egon diren ekitaldi guztiekin aurrera egin da. Bertan parte hartu dutenak gustora geratu dira eta jendearen erantzuna ona, eta ekitaldi batzuetan espero baino hobea, izan da.

Azpimarratzekoa, lehen egunean, ikastetxeetatik bisitak jasotzen diren eguneko jendetza. Durangoko udaltzainek 40tik gora autobus zenbatu zituzten. Gerediagak egun horretarako egitaraua sendotzeko egindako ahaleginak erantzuna izan du. Aurrera begira, bide horretatik jarraitzeko asmoa dago.

Aurkezpen Aretoa

Aurten nobedadetzat aurkeztu den guneak ere arrakasta izan du. Egilearen eta publikoaren arteko kontaktu zuzenagoa bilatzen zen eta lortu da. Ohiko stand-etatik kanpora ere, gune hori batzuetan sinadura gune bihurtu izan da. Datozen urteetara begira finkatzen eta egokitzen joango da espazioa.

Gerediaga Elkarteak Azoka egunetan Durango euskal kulturaren hiriburu bihurtzeko egiten diren beste hainbat ekimen txalotzen ditu. Sortzaileek eurek Ahotsenea izenarekin bideratutako ekimena interesgarri iruditzen zaio Gerediagari eta txalotu egin du euren ekarpena Azokako giroari.

Bisitariak

Orain hiru urte hasi zen Gerediaga euskal idazleen elkartearekin batera, kanpoko herrialde bat gurera gonbidatzen hasi zen. Modu apalean egiten den ekimena da. Eslovenia, Georgia eta aurten Finlandia izan da. Harritzekoa izan da, aurten, Suomi hizkuntzak, literaturak,… izan duten harrera ona. Kanpoan ere harrera hori igarri da. Durangoko Azoka Finlandian ere aipatu dute. Bertako aldizkari garrantzitsuenetako batek (Helsingin Sanomat) Durangoko Azoka aipatu du egunotan, Finlandiatik etorritako lagunaren bisitaren berri emanez.

Azoka hasi aurretik krisiak zelan eragingo ote zion jakinahia azaldu zuen Gerediaga Elkarteak. Gerediagak, antolatzaile den aldetik, ez dauka salmenten gaineko datu zehatzik. Baina, Azokan izan diren argitaletxe eta diskoetxe garrantzitsuenekin hitz egin eta gero, helburuak beteta doazela aurten esan daiteke. Azoka ona izan dute orokorrean eta krisiak ez du izan espero zen eragin esanguratsurik.

Hiru argitaletxea

Hiru argitaletxearen partehartzeaz esan direnen gainean Gerediaga Elkarteak argitu nahi du:

Hiru argitaletxeak Durangoko Azokan parte hartzeko gonbitea urtero bezala jaso zuen. Gerediaga Elkarteak ez dio inoiz debekatu partehartzea. Gonbite horri Hiruk berak eman dio ezezkoa. Azokaren araudia kontuan hartuta, bere katalogoko hainbat liburu Durangoko Azokan lekurik ez zutela jakin zitzaien. Baina Hiruk badauzka nahikoa liburu araudia bete eta Azokan egoteko. Baldintza horretan ez zitzaiola parte hartzea interesatzen eta uko egin zion Hiruk berak Durangora etortzeari. Gerediagak ere penaz hartu du Hiru Durangon ez egotea. Eta datorren urtera begira egon dadin lanean jarraituko du. Lanean jarraituko du Durangokoa euskal liburu eta disko azoka izaten jarraitu dezan.

Azokan salduenak izan diren izenburuen zerrenda duzu hurrengoa, beti ere Gerediaga Elkarteak eskatu eta informazio hori bideratu duten argitaletxe eta diskoetxeen salduenak.

Jaitsi Salduenak08 Pdf-a