« Itzuli albistegira

"Emakumeek subjektiboki ez die baliorik eman euren sormenari"

2008-12-07  ¦  Lekukom

"Emakumeak sortzen" mahai-inguruan aritu dira Aiora Renteria abeslaria, Laura Mintegi eta Josune Muñoz idazleak gaur arratsaldean, Leire Bilbaok gidatuta.

Abiapuntua horixe hartuta, sormen lan horri eman izan zaion truke-balio ezaz eta subjektiboki emakumeak emandako balio ezaz aritu dira. Jakina, Durangoko Azokaren aurtengo kartelaren gainean ere iritza eman dute; "neutroa ez da" esan du Laura Mintegik, baina "eztabaida eragiteko balio izan badu, emakumeen inbisilitate eta bisibilitatearen inguruan, ondo-etorria" gehitu dio Josune Muñozek.

"Emakumeek subjektiboki ez die baliorik eman euren sormenari"

"Beti esan izan da kultur transmisioan ardura handia izan dutela emakumeek, denboran zehar ohiturak iraun badute, istorioak gorde badira, hizkuntza bat bizi izan bada… Transmisio horretan emakumeen zeregin garrantzitsua izan dutela" planteatu du Leire Bilbao mahai-inguruaren moderatzaileak. "Transmititzeko, ordea, lehenengo sortu egin behar da eta hori aztertzen hasi beharko genuke ze ahozko kultura emakumeok ere sortu dugu", ekin dio Josune Muñozek. Baina sormen horri eman izan zaion balioa eta emakumeek eurek izan duten sormen lan horren balioaren kontzientziak zeresan handia daukala horretan iritzi dio Laura Mintegik.

Eztabaidaren norabidean belaunaldien arteko ezberdintasunek ere ikuspegi desberdina dutela ikusi da. Aiora Renteriak esaterako "aurretik emakumeek egin izandako lanari esker izango da, baina nik ez dut planteatu egiten dudana egiteko orduan emakumea naizela; naturaltasun osoz aritu naiz, pertsona legez, alegia".

Belaunaldi aldaketa horretan, ordea, arlo publikoan emakume-sortzaileek amatasuna izaten dute askotan euren ibilbide publiko hori luzatzen jarraitzeko muga; arlo guztietan gertatzen den legez, literaturan ere sumatzen dela iritzi dio Mintegik; horregatik interes handiarekin jarraitzen dituela gazteen ibilbideak, ia nola jokatzen duten aukera pertsonal horren ondoren, arlo publikoari dagokionez.

Muñozek aipatu du emakumeak literaturan sortzaileen %14 direla eta egon badirela emakumeek parte-hartzen duten generoak ere, "komikigintza esaterako". Baina horra ere, iritsi behar bada, iritsiko dela emakumea iritzi diote Mitengik eta Renteriak "informazioa egon badago sormen arloan han eta hemen egiten denaz, beraz, poliki bada ere eta presio barik, iritsi dira emakume sortzaileak ere horra".

Igarri da alde generazionala beraz, mahai-inguruan zehar; bakoitzaren inplikazio maila feminismoarekiko.

Azokaren kartelaren inguruko ika-mikaz

Publikotik egindako galderari erantzunez, hiru hizlariek eman dute iritzia. Renteriak bestelako ardurarik ez diola eman aitortu du; Muñozek anekdotikoa izan arren, esanguratsua badela iritzi dio, eta sikieran eztabaidarako balio badu ondo-etorri dela; Mintegik, berriz, "kartela neutroa ez dela" esan du. "Gauzak ez dira berez neutroak eta, beraz, atentzio puntu hori adierazi behar da".