« Itzuli albistegira

Idazle finlandiarrak eta irudigile profesionalak Azokako gonbidatu

2008-11-06  ¦  Gerediaga

Finlandiako literaturgintza eta suomi hizkuntza ezagutzeko aukera izango da aurten Azokan. Horrez gain, irudigile profesionalen topaleku ere izango da. Eurei eskainitako jardun profesionala antolatu da. Ekimen biak gaur aurkeztu dituzte.

Idazle finlandiarrak eta irudigile profesionalak Azokako gonbidatu

Bilboko BBK kultur aretoan aurkeztu ditu Gerediaga Elkarteak 43. edizioko azokara gonbidatuta etorriko diren atzerriko idazleak eta azoka egunetan egingo den jardun profesionala. Horretarako, Euskal Idazleen Elkartea, Suomi-Euskalherria Kultur Elkartea eta Euskal Irudigileen Elkarte Profesionaleko ordezkariak izan dira aurkezpenean.

Aurten Finlandiako literatura izango da protagonista, iaz Georgia eta orain bi urte Eslovenia ezagutzeko aukera izan genuen modura. SALLA JÄRNEFELT idazlea izango da Durangon. Mikkelin jaio zen 1968an. Finlandiera Filologiako Doctoratua da. Finlandiako literaturan espezialitatua dago eta bereziki nobela poliziakoan. Literatura kritikari eta ikertzailea da.

Finlandiako literatura Durangora gonbidatzeko ezinbestekoa izan da Suomitar Euskalherria-Finlandia Kultur Elkartearen laguntza. 2000n sortutako elkartea da eta gaur egun 20 lagun inguru dira. Euren lehentasuna Suomi-Euskera-Suomi lehendabiziko hiztegia egitea da.

Finlandiarrak Azokan abenduaren 6an izango dira. Bertako literatura eta hizkuntzaz hitzaldia eskainiko du Salla Janerfelt-ek, olerki errezitaldia ere egongo da, eta azokako egunetan erakusketa txikia be antolatu dute.

Irudigileen Jardun Profesionala

Gerediaga Elkarteak eta Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak,elkarlanean, aurtengo edizioaroen gai nagusia Irudia dela aintzat hartuta, ilustrazioaz jardun profesionala antolatu dute abenduaren 5erako. Bereziki, irudigintzan dabiltzan profesionalei, ikasle, irakasleei zuzenduta badago ere, jardunaldi irekia izango da. Beraz, interesa duen edonork parte hartu ahal izango du, doako jardunaldian.

Jardunaldi profesionalean gonbidatu nagusia Arnal Ballester Espainiako Ilustrazio Sari Nazionala 2008 izango da. Iñaki Martiarena "Mattin", Aitziber Alonso eta Danimaiz euskal ilustratzaileak ere izango dira. Goizez, hitzaldi-mahainguruak izango dira. Eta arratsaldez zuzeneko horma-irudia egingo dute Azokan.

Aurkezpeneko argazkia: Dani Maiz Euskal Irudigileen Elkarte Profesionaleko presidentea, Jon Irazabal Durangoko Azokako zuzendaria, Tytti Thusberg Suomitar-Euskalherria Kultur Elkarteko presidentea eta Fito Rodriguez Euskal Idazleen Elkarteko presidentea