« Itzuli albistegira

Ekitaldi ugari antolatu da gaurko

2007-12-07  ¦  Lekukom

“Georgiatik Hizlari” hitzaldia emango dute aurtengo Azokako gonbidatuek. Arratsalderako, umoreari buruzko mahaingurua antolatu da. Iluntzean, Gauean Argi ekitaldiak, Maiatz Elkartea omenduko du.

David Magradze eta David Turashvili Durangoko Azokan izango diren idazle georgiarrak dira, Gerediaga Elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak eta Ertoba georgiarren euskal taldeak gonbidatuta. Georgiatik hizlari hitzaldian parte hartuko dute. Elkartegian izango da 12:00etan.

Arratsaldeko 18:30tan, Hemen Jaungoikoari ere barre, umoreari buruzko mahaingurua antolatu da. Bertan Pello Zabala eta Imanol Lazkano arituko dira.

Maiatz Elkarteak Argizaiola omen-saria jasoko du Gauean argi ekitaldian. Maiatz Elkarteak azken 25 urte hauetan iparraldeko literaturaren arloan egindako lana omendu nahi du Gerediaga Elkarteak. San Agustin Kultur gunean izango da ekitaldia, iluntzeko 20:30etan.

Zakilixut Azokan erakusketa 10:30-20:00ak bitartean egongo da ikusgai, Elkartegian, Azoka egunetan zehar.

Bestalde, gogoratu egunean zehar argitaletxeek eta diskoetxeek beraien nobedadeak ere aurkeztuko dituztela. Informazio gehiago egitarauan.