41. Euskal Liburu eta Disko azoka Berba baten esateko arrakastatsua izan da
2006-12-10 ¦ Lekukom
Horrela adierazi du Azokaren zuzendari Jon Irazabalek gaur bertan egindako balorazio prentsaurrekoan. Egitarauak eman dio aurten berezitasuna Azokari, aukeratutako gaiari esker: Bidaiak. Horrekin lotuta, Argentinatik ekarritako eta Euskal Herrian lehenengoz eman den Gora Vasco filma azpimarratu du Gerediga elkarteak, bai eta, lehenengoz egin den hizkuntza gutxitua duen herrialde bati egindako gonbitea: Eslovenia. Esperientzia aberasgarria da aurtengo Azokan izandakoa.
Salmentei dagokienez, Azokan parte hartzen duten editore eta diskoetxeetako arduradunekin hitzeginda, “salmentak orekatu egin direla” nabarmendu dute arduradunek. “Jendeak kontzienteki erosten du. Ondo pentsatutako erosketak izan dira eta horrek Azoka heldu bat egin du; sinesgarria”. Horrekin batera, Jorge Gimenez Euskal Editorren Elkarteko presidenteak azpimarratu du “aurten 3 egun oso on egon dira erosketak egiteko, jendeak patxadaz aritzeko aukera izan baitu. Urterik urtera, gainera, egileak ere gero eta kontzienteago dira Azokara etortzeak giroari eta salmentari egiten dioten ekarpen positiboaz”.
Gure Irratia
Iparraldeko Gure Irratia Azokak erakutsitako elkartasuna eskertzeko aprobetxatu nahi izan du balorazio prentsaurrekoa. 13.500 euroko diru bilketa egin dute Azoka egunetan, Gerediagak utzitako lekuan. Gure Irratiko arduradunek eskerrak adierazi nahi izan dizkiete era horretara eurekin bat egiten dute guztiei eta laguntza eskaini dieten Azokara etorritako bisitari guztiei.
Amaitzeko, Gerediaga Elkarteko Nerea Mujika presidenteak, Euskal Editoreen Elkartearen eta Euskal Diskoetxeen Elkartearen babesarekin jasotako eraso eta mehatxuei erantzuna ematen dion adierazpena eman du jakiten.
"1965. urtetik Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka antolatzen da, euskal kulturari eta bereziki euskarazko eta euskal arloko liburugintzari, diskogintzari, eta garai berrietan bestelako euskarri mota batzueri bultzada eman eta lekua egiteko. Hori da helburu nagusia. Lan horretan, ez dugu onartzen eta ez dugu onartuko interferentziarik". Hori da laburbilduta emandako mezua.

