Durangoko Azokaren kartela aurkeztu du Gerediaga Elkarteak
2005-11-16 ¦ Gerediaga
Gerediaga Elkartearen enkarguz, Txelu Angoitia Durangoko argazkilariak egin du aurtengo edizioan Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka iragartzen duen kartela. Prentsaurrekoan adierazi duenez egileak, Azokaren kartelak badauka ni umea nintzenean Durangora etortzen zen zirkoarekin zerikusia. Orduan karpa jartzen laguntzeagatik sarrerak lortzen genituen eta aho zabalik geratzen nintzen bihurrikariekin. Hortaz, kartela egitea eskatu zidatenean, oso garbi neukan orduko feria hura eguneratu behar nuela.
Txelu Angoitiak ondo ezagutzen du azoka bera, izan ere 2001. urtetik azokako argazkilari ofíziala da. 1960. urtean jaiotakoa da eta Durangon 50 urte bete dituen FotoSOL argazki dendako Angoitiatarren familiakoa.
Egin dituen azken lanen artean, nabarmentzekoak dira, Urkiola-Durangaldea Turismo Patzuergoak kaleratu berri duen GR229 Mikeldi gida turistikoan parte-hartzea, testuak eta argazkien egile lez. Horrez gain, Sustraiak eta Abarrak proiektuaren barruan Paralelo 21 erakusketan parte hartu du eta Durangoko Plateruena Kafe Antzokiko erakusketa iraunkorra ere berea da. Bere lana, aurten gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen Ertibil erakusketa ibiltarian ikusi daiteke.

