Erakusleentzat informazioa

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka: Baldintza espezifikoak, Epeen egutegia, Helbideak

Araudi orokorrean adierazitakoez gain, Durangon, 2008ko abenduaren 5etik 8ra izango den "43. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka" arautuko duten baldintza espezifikoak.

1. Helburua:

1-1. Durangoko 43. Euskal Liburu eta Disko Azokaren helburua da jarraian zehazten diren produktuak sustatzea, erakustea eta saltzea: Euskaraz argitaratutako edozein gairi buruzko argitalpenak, beste edozein hizkuntzatan idatziriko euskal gaiei buruzkoak eta euskarazko letrak dituzten musika argitalpenak edo euskal egileen musika argitalpen instrumentalak (CDak, zintak?).

2. Azokaren egunak, tokia eta ordutegia

2-1. Azoka abenduaren 5etik 8ra bitartean egongo da zabalik Durangoko Landako Erakustazokan.

2-2. Azoka publikoa abenduaren 5ean goizeko 10:30etan zabalduko da.

2-3. Azokako ordutegia 10:30etatik 20:00etara, etenik gabe, izango da.

2-4. Ordutegi horren barruan erakustokiek bisitarientzat zabalik egon behar dute eta arduradun bat egongo da bertan. Hori bete ezean, antolatzaileak erakustoki hori Azoka amaitu arte ixteko eskubidea izango du.

2-5. Erakustokiko langileek Azoka ireki baino ordu erdi lehenago sartu ahal izango dute bertara, antolatzaileek Azokako partaideei emango dizkieten kredentzialak erabilita.

3. Erakustokien kontratazioa

3-1. Kontratazioa, aurten, webgune honetan bertan egingo da. Horretarako:

  • Inskripzio-orri elektronikoa behar den moduan bete behar da. Onarpen eskaera bete ondoren, eskatzaileak, oso-osorik onartzen ditu baldintza espezifikoak eta Azokaren araudia.

Jarraian, ezinbestekoa da ondoko agiri hauek bidaltzea irailaren 28a baino lehen:

  • Ordainketa egin izanaren ziurtagiria.
  • Argitaletxe, diskoetxe edo banatzailearen 2007ko argitalpenen katalogoa. Partaide berriek argitalpenen katalogo osoa bidali beharko dute. Katalogoak, A gehigarrian (RTF) aipatzen diren datu guztiak bildu beharko ditu.

3-2. Agiri horiek guztiak Gerediaga Elkartearen egoitzara igorri behar dira: Larrasoloeta, 3 48200 Durango. Posta-kutxa honetara ere bidal daiteke: 157, 48200 Durango.

3-3. Eskaerak egiteko epea amaitu ondoren, Gerediaga Elkarteak, Azokan parte hartuko duten argitaletxeak, disko-etxeak, e.a. hautatuko ditu; betiere, baldintzak betetzen dituztela eta eskatutako dokumentazioa aurkeztu dutela konprobatu ostean.

3-4. Hautatutakoei jakinaraziko zaie eskakizuna onartu zaiela. Onarpenak dokumentuan izena emanda agertzen den erakusketariarentzat baino ez du balio izango. Jarraian, kontratatutako zerbitzuengatiko (guneak) faktura bidaliko da. Onartu izanaren jakinarazpenak merkataritza-kontratu irmoaren balioa izango du.

3-5. Edozein kausa dela-eta, onartutakoak azokan parte hartzeari uko egin behar izango balio, antolakuntzak kanonaren %100a atxikitzeko eskubidea izango du, parte hartu ez izanaren kalte-ordain gisa.

3-6. Erakusketariren batek eskaera epez kanpo aurkeztu, eta Gerediaga Elkarteak eskaera hori onartzen badu, baldintza horietan alokatutako erakustokiaren prezioa %30a garestituko da salbuespen horrek eragindako kudeaketa-gastuengatik.

4. Prezioa eta ordaintzeko baldintzak

4-1. Erakusmahaiaren alokairua 770 eurokoa da (%7ko BEZ barne). Aukeran gehigarri 2 eskaintzen dira: apalak eta espositoreak. Bakoitzaren prezioa 70 eurokoa da.

4-2. Erakustokien alokairua parte hartzeko eskaria egiten den une berean ordainduko da osorik, eta ziurtagiria erakutsi beharko da (ordainagiria edo banku-transferentziaren kopia).

4-3. Dirua kontu honetan sartu behar da: Bilbao Bizkaia Kutxa: 2095 0036 60 9102306268. Ordaintzerakoan enpresaren izena eman behar da erreferentzi gisa.

4-4. Eskaera onartu ez zaienei ordaindutako dirua itzuli egingo zaie, baina ez dute interes, konpentsazio edo kalteordainik jasotzeko eskubiderik izango.

5. Standen ezaugarriak

5-1. Standak modularrak izango dira, eranskineko marrazkiek erakusten duten forma eta neurriekin. Bost forma desberdinetan muntatu ahal dira:

  • Standa 2 x 1 m-ko erakusmahaia da. Standaren mahaiaren altuera 0,80 metrokoa da eta gaineko egurrak ez du makurdurarik.
  • Standa 2 x 1 m-ko erakusmahaia da. Standaren mahaiaren altuera 0,80 metrokoa da eta gaineko egurrak makurdura du.
  • Standa 2 x 1 m-ko erakusmahaia da. Standaren mahaiaren altuera 0,60 metrokoa da eta gaineko egurrak ez du makurdurarik.
  • Standa 2 x 1 m-ko erakusmahaia da. Standaren mahaiaren altuera 0,60 metrokoa da eta gaineko egurrak makurdura du.
  • Teknologia berriak. Standak 2 x 2 m-ko espazioa du. Stand barruan mahai bat izango da, bi ordenadore jartzeko modukoa, eta nahi duenak, pasillo aldera, 1 X 1 m-ko saltokia jarri dezake.

Stand guztiek dute argi indarra jasotzeko entxufea eta mahai gainera zuzendutako argia.

5-2. Alokairuan honako hau sartzen da:

  • Standak erabiltzeko aukera muntatze-lanetan, azokan eta desmuntatze-lanetan.
  • Pabiloi osoaren garbiketa
  • Argiztapen osoa
  • Pabiloiaren zerbitzuak erabiltzea
  • Batzar-gela erabiltzea, eskarien arabera betiere.

6. Katalogoa eta fondo bibliografiko diskografikoa

6-1. Gerediaga elkarteak, urtero egiten duen bezala, euskal liburu eta diskoen katalogoa argitaratuko du. Edizio honetan, 2008. urtean zehar argitaratu diren materialak bilduko ditu. Partaideek eskubidea eta betebeharra dute euren materialak katalogo horretan argitaratu daitezen, eta horretarako beharrezkoa da argitalpenen katalogoa irailaren 28a baino lehenago bidaltzea. Gerediaga Elkarteak katalogo hori erabiliko du partaide bakoitzak zein material izango duen salgai jakiteko eta standak hobeto esleitzeko.

6-2. Aurreko edizioetan egin den bezala, antolakuntzak aldizkari bat argitaratuko du erakusketariek Azokan zehar berrikuntza moduan argitaratu dituzten liburu, disko eta bestelako publikazioak biltzeko. Azokan parte hartzen duten erakusketariek eskubidea eta betebeharra dute euren berrikuntzak aldizkari horretan agertu daitezen. Horretarako, urritik abendura arteko argitalpenen zerrenda (izenburua eta egilea zehaztuz) urriak 28 baino lehen jaso behar ditugu.

6-3. Erakusketariek, Azokaren azkeneko ediziotik hona izandako argitalpen edo disko bakoitzeko bina (2) ale eman behar dizkiote antolakuntzari. Liburu, disko eta bestelako argitalpen horiek ikusgai egongo dira Azokan urtero egiten den ekoizpen diskografiko eta bibliografikoari buruzko erakusketan.

6-4. Azoka amaitutakoan, ale horiek Gerediaga Elkartearen esku geratuko dira fondo diskografiko/bibliografikoari gehitzeko edo elkarteak berak egoki deritzon beste xede baterako erabili ahalko dira [liburutegi publikoak, e.a.]

6-5. Material hori azaroaren 14a baino lehen igorri behar da. Azokaren aurreko egunetan argitaratuko diren argitalpenen kasuan, Azokako zuzendaritzari eman beharko zaio Azokaren lehenengo eguna baino lehen.

7. Erakustokiak muntatzea eta desmuntatzea

7-1. Erakusketariek muntatze-lanak egiteko behar duten gunea erabilgarri izango dute, abenduaren 3an eta 4an, goizeko 9etatik arratsaldeko 8etara.

7-2. Ezin izango dira erakustokiak desmuntatu abenduaren 8ko 20:00ak baino lehen, eta abenduaren 9ko 13:00ak baino lehen amaitu behar da.

8. Materialak sartzea eta ateratzea azoka garaian

8-1. Azoka egunetan materiala sartu eta ateratzeko ordutegia goizeko 9:30etatik 10:30etara izango da. Ezin izango da materialekin atzera-aurrera ibili Azoka jendearentzat zabalik dagoen bitartean. Beste ordu batzuetan egin nahi bada, Azokako zuzendariaren baimena beharko da.

9. Zainketa: jabegoa babestea

9-1. Zainketa zerbitzua izango da Azoka barruan, abenduaren 3ko 9:00etatik abenduaren 9ko 13:00ak arte. Azoka jendearentzat zabalik dagoen bitartean, eta muntatze eta desmuntatze-lanak dirauten bitartean, erakusketariaren erantzukizuna izango da erakustokia zaintzea.

10. Publizitatea

10-1. Erakusketariak nahi duen publizitatea egin dezake baina, betiere, bere erakustokiaren barruan, eta ez hortik kanpo. Publizitatea erakustokitik kanpo egiten denean, Azokaren zuzendaritzaren oniritzia izan behar da aurretiaz.

10-2. Debekatuta daude beste erakusketari batzuei edo azokako bisitariei eragozpenak eragiten dizkioten erakustaldiak egitea, esaterako, sarreretan propaganda banatzea e.a.

10-3. Erakusketariek ezin izango dute, beren kabuz, megafoniarik erabili. Bideoak eta halakoak erabili nahi badira, banakako soinu-elementuak izan beharko dituzte.

10-4. Azokarako argitaratzen den aldizkarian bere produktuak nabarmendu nahi dituenak iragarkiak ipini ahal izango ditu. Iragarkien prezioa ezagutu nahi duenak Gerediaga elkarteari kontsultatu behar dio.

11. Aseguruak, erantzukizunak eta betebehar sozialak

11-1 Antolakuntzak hirugarrenekiko erantzukizun zibileko asegurua kontratatuko du.

11-2 Alokatutako standean erakusketariak jarritako apaingarri, altzairu edo bestelako tresneriak sortutako arazo edo kalteak erakusketarien ardurapekoak izango dira.

11-3. Azokan parte hartzeak sor ditzakeen auzietarako, erakusketariek beren foruari uko egiten diote eta Durangoko barruti judizialeko auzitegi eta epaitegien menpe geratuko dira.

12. Ezinbestea

12-1 Ezinbesteak hala bultzatuta, Azokaren datak aldatu egin ahal dira edo Azoka bera bertan behera utzi ahal izango da. Kasu honetan, Gerediaga Elkarteak ez du erantzukizunik izango eta betebehar bakarra erakustokien alokairuaren truke jasotako diru-kopurua itzultzea izango da. Hala ere, erakustoalokairuaren prezioaren %25a atxiki ahal izango da antolakuntza-gastuei aurre egiteko.

12-2 Azoka inauguratu ostean bertan behera utzi behar izango balitz, ez da erakustokien alokatzeagatiko diru-kopururik itzuliko.

13. Gerediaga elkarteko bazkideak

13-1 Gerediagako bazkideek %10eko beherapena izango dute Azokako standetan salgai dauden produktu guztietan. Standetako arduradunek beherapen honen berri emango diote standean egongo diren saltzaileei. Gerediagako bazkideek egiaztagiria aurkeztu behar dute beherapena jaso ahal izateko.


Astolan 2008ko uztailaren 2an
Jon Irazabal Agirre
Azokako zuzendaria


Kontaktua:

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokako zuzendaritza

Zuzendaria: Jon Irazabal Agirre
Eskarien koordinazioa: Esther Soto
Tel.: 94 681 80 66 / Faxa: 94 621 80 23
e-posta
www.durangokoazoka.com

Durangaldeko Adiskideen Gerediaga Elkartea
Kudeatzailea: Asier Atxa Dopazo
Lehendakaria: Nerea Mujika Ulazia
Idazkari Nagusia: Juan Mari Totorika Otsoa
Tel.: 94 681 80 66 / 94 621 50 97 Faxa: 94 621 80 23
e-posta
www.gerediaga.com