14 urte bitartean baduzu, etorri gurera!
Haur Literatur Aretoak gaur bertan ireki ditu ateak, Elkartegian. 2 eta 14 urte bitarteko neska-mutikoentzako ludoteka, jolas-leku, tailer, zine areto, antzerki areto... Denetarik egongo da aukeran gaurtik eta ostegunera bitartean, goizeko 10:30etik 20:00ak bitartean.
Berbaro euskara elkarteak koordinatzen duen gunean liburuak irakurtzeko aukera izateaz gainera, hainbat tailer eta ekintzarekin gozatzeko aukera izango dute gazte eta haurrek. Esaterako, aurten, tailer berezi bi antolatu dituzte. Batetii, 3 eta 8 urte bitarteko gazteentzako ilustrazio tailerra egingo da eta, bestetik, 8 eta 14 urte bitarteko gaztetxoentzat, berriz, bideojoko tailerra.
Gainera, Galizia izanik Durangoko Azokara gonbidatutako herrialdea, handik etorritako ordezkariekin batera ere hainbat ekitaldi egiteko asmoa dago Haur eta Literatur Aretoan.
Gaur Durangoko Kurutziaga ikastolako ikasleek izan dute inauguratzeko aukera; Gerediaga elkarteak, Berbaro euskara elkarteak eta ekimena babesten duen Eroskik egin diete ondo etorria. Jon Irazabal Azokako zuzendariak esan duenez, beraz, "jende artean saka-sakaka ibili ostean, liburu eta bestelakoak ikusi ostean, hemen ederto baten egotea eta pasatzeko aukera izan dute gaztetxoenek".
Back