Luzien Etxezarreta: "Ipar Euskal Herrian egiten den literaturgintzaren sustapen eta ezagutzarako handia da saria"
Maiatz elkarteak jasoko du 2007. urtean Durango Argizaiola saria. Abenduaren 8an "Gauean argi" izeneko ekitaldia egingo da San Agustin Kultur Gunean, eta Luzien Etxezarreta elkarteko presidenteak jasoko du argizaiola saria.

Zer da zuretzat Durango Argizaiola saria jasotzea?
Oso hunkigarria. Ipar Euskal Herrian egiten den literaturgintzarako sustapen eta ezagutzarako handia da saria. Eta hori berori, Euskal Herriko Kulturaren hiriburua denak emanda, oraindik handiago.
Maiatz zer den ez dakien bati, zelan azaldu hitz gutxitan?
Ipar Euskal Herriko idazleak biltzeko eta bultzatzeko erakundea. Aldi berean euskera berritu eta landu nahi duena, iparraldeko euskalkian..
Eta Maiatz izena zergatik?
Maiatzeko hilabete batean, orain dela 25 urte aukeratu genuelako zein izen jarri. Maiatza Hosto-aroa ere bada batzuentzat, pizkundea, loratzea... Identifikatzen gara sasoiarekin. Eta fonetika aldetik ere dantzaria da hitza bera.
Eta aldizkariaren azala ia beti beltza izatea, aproposa da?
Beltza ez da zertan kolore ezkorra izan behar. Beltzak beste koloreak biziarazi egiten ditu, zuria batez ere. Eta beltza apaindura, edertasunarekin ere identifikatzen dute. Inoiz aldatu izan dugu aldizkariaren kolorea, baina beti beltzera bueltatu gara eta azkenean, marka ere bilakatu da.
25 urte bete eta gero, zer izango du Maiatzek erronka?
Literaturari lotuta jarraitzea eta hobetzea. Idazle berrien pitzaraztea eta irakurleen gehitzea. Euskara batuan, iparraldeko hizkuntzaren nortasuna biziaraztea.
