Egitaraua

Mintzalagunak erreportaia

      

Mintzalagunak protagonista dituen erreportaje berezia da 'Mintzalagunak. Sare bat inguruan, bidelagunak alboan' dokumentala. Goiena telebistak egin du eta urriaren 11n estreinatu zuen. Ordu erdi inguruko ikus-entzunezkoa da eta Debagoieneko bederatzi lagunen esperientzia pertsonalak jasotzen ditu. Horiei gehitzen zaie Topaguneko mintzapraktikako eragile Arrate Illaro. 

Mintzalagunek egunerokoan zer egiten duten eta horrek euskal hiztun moduan zer suposatzen dien jasotzen du erreportajeak. Hori bakarrik ez; euskal hiztunek ere jasotzen dute ekimen horretatik. Mintzalagun taldeak asko eta askotarikoak dira. Horien artean daude, esaterako, dokumentalerako berba egin duen  Elhadji Toure. Senegaldarra da eta Bergaran dihardu mintzalagun. Mikel Martin Eskoriatzan bizi den madrildarra da eta eguenero egiten du bat Eskoriatzako mintzalagun taldearekin. Pintxo potea egiten dute eta horrekin batera mintzapraktika. Iratxe Bravo, berriz, eibartarra da baina bere gorabeherak izan ditu euskararekin eta orain Elgetako mintzalagun egitasmoan dihardu. Elgetako liburutegian egiten duten Hitzez pitz izeneko topaketa batean aurkitu dugu eta bertan jaso ditugu bere bizipenak… Ez ditut ahaztu nahi Arrasateko Ina Etxebarria, Eskoriatzako Jone Ugarte, Bergarako David Kerkhof eta Kristina Buizer, mintzanet egitasmoan diharduen Maitere Larrañaga zein Leintz udal euskategiko irakasle Gurutze Larrinaga. 

 

Itzuli