- Lehen aldiz jarduerak antolatuko ditu Durangoko Azokak Euskal Herriko hainbat txokotan, Ahotsenea gunearen hamargarren urteurrenarekin lotuta.

- Erakusketa ibiltaria eta emanaldiak egongo dira Tafallan, Gasteizen, Azpeitian eta Bilbon, irailetik abendura arte. Besteak beste, Anari, Gorka Urbizu (Berri Txarrak), Keu Agirretxea eta Gotzon Barandiaran izango dira protagonista nagusietako batzuk.

Durangoko Azokak hainbat nobedade izango ditu aurten, bere 52. edizioan. Lehen aldiz, Durangoko mugak zeharkatu eta kulturaren plaza herriz herri ibiliko da, Azokan gertatzen dena Euskal Herriko txoko ezberdinetan erakusteko asmoz eta, aldi berean, bisitariak Durangora erakartzeko helburuarekin.

Aurten Ahotseneak hamar urte betetzen dituela eta, Azokako gune hau izango da estreinaldiko bira honen protagonista nagusia. Lau geltoki izango ditu: Tafalla, Bilbo, Gasteiz eta Azpeitia, irailaren 29an hasita eta abendu hasierara arte, Durangoko Azoka hasi arte –52. edizioa abenduaren 6tik 10era arte izango da–.

Ahotseneak argazki-erakusketa bat osatu du Txelu Angoitia, Saioa Gauilunak eta Joseba Barrenetxea argazkilariek urte hauetan ateratako 25 argazkirekin. Argazkiekin batera hainbat musikari, idazle, editore eta kazetariren gogoeta bana ere egongo da. Erakusketa honako leku hauetan egongo da: Tafalla kulturgunean (irailaren 29tik urriaren 8ra arte), Bilboko BIBA topagunea (urriaren 16tik 31ra), Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxea (azaroaren 3tik 19ra) eta Azpeitiako San Agustin kulturgunean (azaroaren 20tik abenduaren 3ra).

Erakusketaz gain, herri bakoitzean kultur emanaldi bana egongo da ikusgai. Datak eta ikuskizunak honakoak dira:

- Tafalla DA! Irailaren 29an 20:30ean kulturgunean. Kontzertua: Anari + Jon Basaguren. Sarrera 10 euro.

- Bilbo DA! Urriaren 20an, 20:00etan BIBA kulturgunean. Mikel Etxaburu idazlea + Kintsukoroi musika-emanaldia.

- Gasteiz DA! Azaroaren 3an, 20:30ean Oihaneder Euskararen Etxean. Keu Agirretxea & Jon Gurrutxaga musikariak eta Karmele Jaio.

- Azpeitia DA! Azaroaren 16an, 20:00etan San Agustin Kulturgunean. Gorka Urbizu musikaria + Gotzon Barandiaran idazlea.

Sortzaileen guneak, hamar urte

2017ko abenduan 10 urte beteko dira Ahotsenea sortu zenetik. Ahotsenea Durangoko Azokaren baitako sortzaileen gunea da, idazleek eta musikariek sortua, baina irakurleek eta entzuleek badute beren tokia.

2008. urtean, Ahotseneako kideek plazaratutako eta Aiora Renteriak irakurritako manifestuak honakoa zioen: "...Baina Azoka euskal idazle eta musikariena ba ote da? Galdera horrek eta beste hainbatek erantzuna behar dutelakoan zabaldu dugu Ahotsenea. Euskal liburu eta diskoen azokan, euskal literaturaz eta euskal musikaz berba egin gura dugu. Gutxienez, liburuek eta diskoek duten presentzia bera izan gura dugu. Stand baten atzean gure lanak sinatzeari ez deritzogu nahikoa. Irakurle eta entzuleek esateko dutena entzun gura dugu. Ahotsak eta eskuak beste behar ditugu begiak eta belarriak. Guk ere euskal kulturaren helburu estrategikoez iritzia eman eta kontuan har gaitzaten eskatzen dugu. Euskal kulturaren kudeaketaren parte izan gura dugu eta ardurak hartzeko prest gaude...".

Ahotseneak espazio bi ditu: batean sortzaileek, kazetari edota berbalaguna alboan, dagokion urtean argitaratutako lanari buruzko azalpenak eskaintzen dizkiote bertaratzen den orori; bestean, urtean plazaratutako diska zuzeneko emanaldien bitartez aurkezteko aukera eskaintzen da.

Hamar urte hauetan ehunka sortzailek izan dute aukera bere lana aurkezteko Azokan. Iaz 70 disko aurkeztu ziren zuzenean, eta 45 liburu eta disko solasaldi, emanaldi edo performanceen bidez.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn