Egun bakarra baino ez da falta Durangoko Azokako 51. edizioa hasteko, eta dena prest dago jada Landako Gunean eta Azokako gainontzeko zortzi espazioetan. Azken urteetako azokarik goiztiarrenean (abenduaren 2tik 6ra arte) 246 stand, 349 nobedade eta 200 ekitalditik gora izango ditugu kulturzale eta euskaltzaleentzat. Durangoko Azokak guztiontzat izango du plana, 51. edizioa bizitzekoa baita!

Landako Gunearen ohiko ordutegia, urtero legez, goizeko 10:30etik arrastiko 20:00ak arte izango da. Bihar, ostera, ate irekiera ohikoa baino apur bat lehenago izango da. 10:15ean Durangoko Karrika Antzerki Taldeko kideek Deshakespearezioa obraren 15 minutuko pasarte labur bat antzeztuko dute Landakoko ateak zabaltzeko, Donostia 2016ri keinu eginez, eta 51. edizioagaz lotuz. Bertan egongo dira Gerediagako presidente Nerea Mujika eta Donostia 2016ko Kultura zuzendari Xabi Paya.

Aurten, Shakespeareren heriotzaren 400. urteurrena da, eta ospakizun hori bera Donostia 2016ren programaren gai garrantzitsua izan da urtean zehar. Hori dela eta, bihar abiatuko den Durangoko Azokaren irekiera eta itxiera ekitaldietan Karrika konpainiak 15 minutuko pieza bana egingo du Deshakespearezioa obran oinarrituta, Europako Kultur Hiriburutzaren ekarpenez. Lan honek, hain zuzen, idazle ingelesaren heriotzaren urteurrena hartzen du aitzakia, eta bere hainbat testutan oinarritutako istorioa kontatzen du.

Inaugurazio-ekitaldi ofizialari dagokionez, 19:00etan izango da, Landako Guneko Areto Nagusian. Bertan honakoek parte hartuko dute: Gerediagako presidente Nerea Mujika; EKEko zuzendari Pantxoa Etchegoin; Durangoko alkate Aitziber Irigoras; Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Diputatu Lorea Bilbao; eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburu Bingen Zupiria. Demode Quartet taldearen eta Julen Axiari eta Jordi Cassagneren ikuskizunek borobilduko dute inaugurazioa (20:00etarako amaituta egotea aurreikusten da).

Egitarauari dagokionez, bihar, abenduak 2, goizeko 10:00etatik aurrera hasiko dira Ikasle Egunaren baitako jarduera guztiak. Mila ikaslek baino gehiagok parte hartuko dute antolatutako tailer ezberdinetan: liburu baten iruzkina egiteko ikastaroa, robotikaren mundua, antzerki tailerra, komiki tailerra, Josu Bergararen kontzertua, literatura tailerra, marrazki bizidunen tailerra, euskal kantagintza eta abar.

Arratsaldean, helduen txanda helduko da. Lehenengo aldiz euskara ikasten ari diren helduek tailerretan parte hartzeko aukera izango dute: bikoizketa tailerra, wikipedia edizio maratoia, "Durangaldeko listoriatura" bisita gidatua, hip-hop tailerra eta abar.

Horrez gain, publiko orokorrarentzat jarduera ugari egongo dira, besteak beste, honakoak; Areto Nagusian 17:00etan "Peru Apreta, mistikoa" aurkeztuko dute Joxean Sagastizabalek eta Bernardo Atxagak. Kabi@n 18:30ean wikipediaren berrikuntza teknologikoez egingo dute berba. Saguganbaran 17:00etan zoramena hasiko da Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunarekin. Ahotsenean kontzertu-maratoia izango dugu: 11:00etan Lorratzak, Gatibu 13:40etan, Sarkor 15:40etan, 19:00etan Revolta Permanent...

Ahotsenea Solasaldietan, 18:30etik aurrera, Irati Jimenezek "Odola, Gatza, Musua" lana aurkeztuko du. Irudienean ezinbesteko hitzordua daukagu 19:00etan, Igelak filmaren aurkezpen eta estreinaldiagaz, Patxo Telleria, Gorka Otxoa, Miren Gaztañaga eta Gatibu taldeko kideekin (sarrerak 6'5 euro). Azkenik, eguna amaituko dugu Plateruenan, 23:00etan Willis Drummond taldearen Tabula Rasa taldearen disko berriaren aurkezpenarekin (sarrerak salgai).

Aipatutako ekitaldiez gain, beste hamaika jarduera egongo dira Azokako espazio guztietan. Guztiak modu eguneratuan kontsultatzeko eta standetako sinaduren ordutegiak begiratzeko webguneko EGITARAUA eta SINADURAK kontsulta ditzakezu.

Horrez gain, Durangoko Azokak bigarren urtez doako autobus-zerbitzua antolatuko du Iurretako aparkalekuetatik Landako Guneraino, bisitariei erraztasunak emoteko asmoz. Euskotrenek ere zerbitzu bereziak izango ditu Bilbotik Durangoraino.

 

DSS2016 Durangoko Azokan

Ate irekieran eta itxieran parte hartzeaz gain, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak ere beste hainbat ekimenetan parte hartu du Durangoko Azokaren baitan: Chejov vs. Shakespeare proiektuaren “Korrespondentziak” bilduma, Tira-birak egitasmo transmediaren liburua eta Gabon, Txirrita antzezlanaren libretoa eskuratu ahal izango dira azokan, besteak beste –azken biek, gainera aurkezpen propioa izango dute–.

Gainera, Kultur Hiriburuaren enbaxadek Europan barrena jasotako istorioak eskainiko dituzte Mugaminak eta Hitz gutxitan filmek. Paul Bilbaok, Kontseiluaren Idazkari Nagusiak, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren aurkezpen-hitzaldia eskainiko du. Aipatu proiektua Donostia 2016ko proiektu nabarmenetakoa izan da. Horrez gain, Interprest aldibereko interpretazio-sistema eramangarria ezagutu eta frogatzeko saioa egongo da ere.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn