Baldosaz baldosa ekin behar da edizio berri bakoitzean kulturaren plaza osatzen. Abenduaren 2tik 6ra harro agertuko du bere distira; momentua iritsi bitartean baina, hamaika dira antolatzaileek kudeatuko dituzten gaiak: Nola eraikitzen da 51.DA?

Makinaria ez da inoiz geratzen. Azoka bakoitza amaitu bezain laster, antolatzaileak urtean urteko balorazioarekin jartzen dira lanean edizio berrira begira; zer berritu, zer hobetu eta zer moldatu. Baina, erreboluzioak gora egiten dute iraila iritsi ahala; orduan hasten baita Azoka benetako forma hartzen. Hala, erakusmahaiekin parte hartu nahi dutenek irailean eman dezakete izena. Eta argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile zein auto-ekoizleak ari dira standak bereganatzen. Informazio gehiago:  http://bit.ly/2cBJu9l

Zimenduak jartzen goaz, beraz, eta plaza girotuko duten ehunka ekitaldiak ere itxura hartzen hasiko dira datozen egunotan. Ikasle Eguneko tailerrak, esaterako, prest daude dagoeneko, eta ikastetxeek hilabetea amaitu baino lehen eman beharko dute izena horietan parte hartzeko. Animazioaren mundua, programazioarena, koreografiena… ezagutzeko 21 kultur saio eta haietan 1.000 ikaslerentzat baino gehiagorentzat lekua.

Urriaren lautik aurrera, berriz, beren lana Azokaren gune batean erakutsi nahi duten sortzaileek proposamenak egiteko aukera izango dute. Sortzaileek beren lekua izateko eta diziplina gehiago batzeko euskal kulturaren plazara (kultura digitala, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak…) sortutako espazioak dira guneak. Gauzak horrela, demagun film labur baten egilea zarela, ikus-entzunezkoen gunean, Irudienean, aurkeztu dezakezu zure lana. Edo har dezagun ipuin kontalari gisa jarduten duzula, Saguganbaran, txiki eta handien gunean, egin dezakezu, kasu horretan, zure ikuskizuna. Antzerkigileek, musikariek, idazleek, programatzaileek… guztiek dute lekua Azokan.

 

Askoren lana

Koordinazio mahaian biltzen dira Azokaren antolakuntzan parte hartzen duten eragile ezberdinak: Gerediagako kideak eta Azokako gainerako guneetako arduradunak. Gune bakoitzaren atzean, berriz, euskal kulturgintzako eragile eta norbanako hainbat daude. Urte guztian zehar bi hilean behin biltzen dira, edizio berriaren gaiak lotzeko; iraila iristen denean, ordea, maiztasuna areagotu egin ohi da. Ekitaldiak, egitaraua, izen-emateak, komunikazio kontuak… dira datozen hilabeteetan koordinatuko dituztenak.

Azkenik, mahai teknikoa ere biltzen da edizio bakoitzeko, zentzu metaforikoa kenduta, plazaren muntaia oso ukigarria ere badelako bere karpa, aparkaleku, zuntz optiko, bozgorailu, eta guzti.

Dena abenduaren 2tik 6ra plaza bete-betea izateko, eskaintza aldetik zabala, gogoetara irekia, sormenarentzat aberasgarria, industriarentzat indartsua, erakargarria perfil eta adin ezberdinetako bisitarientzat... Sortzaile, industria eta zale guztiontzat elkargune den plaza izateko, azken batean.

 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn