Ederra izan da 50. Durangoko Azoka hau ere. Borobila. Durangoko Azoka benetan eraginkorra izan da: sortzaileen eskaintza aldetik ugaria, ekoizpenean aberatsa, egun askokoa, orekatua jendearen ibiliari dagokionez, ondo antolatua, erakargarria komunikatiboki, emozioz betea bere sortzaileak omenduz, mamitsua gogoeta arloan, eta, guztion aldetik, etorkizunari begira jarria: belaunaldi gazteei begira jarria.

Eguraldia bera ere lagun izan dugu, gainera!

Zenbakietara etorrita, horra batzuk: 120.000 bisita Landakon egun baten faltan, 30.000 bisitari webgunean, 250 ekitaldi, 350 nobedade, 190 sinadura... eta kopuru garrantzitsu bat: Azokako deialdiari erantzunez, 72 boluntario izan ditugu Boluntariotza-Programan parte hartzen. Erantzun bikaina. Ahaztu barik, noski, bestelako lanetan ibili diren militanteak. Denon artean borobildu dugu 50. urteurrena.

Edozelan ere, zenbaki hotzetatik harago begira gaude gu. Durangoko Azokaren izateko arrazoiari aurrez aurre begira. Gutxitan izan dugu haizea alde, baina 50 urteotan bide arrakastatsua egin dugu. Geuk ere ez dugu bete-betean asmatu beti, baina 50 urteotan bide eraginkorra egin dugu. Bidea egin dugu, bai. Hemen gaude. Euskal kulturarentzat, umiltasunez eta erantzukizunez diogu, estrategikoa da Durangoko Azoka, eta Durangoko Azokarentzat estrategikoa da gaur egungo eredua: sortzaileak eta zaleak, zuzeneko emanaldiak eta ekoiztutako produktuak, herri-ekimena eta erakundea batzen dituen Durangoko Azoka.

Durangoko Azoka, kulturaren plaza handi hau, osatzen dugun guneetatik zein erakustazokako saltokietatik jaso dugun balorazioa ona da. Eta hobetzen jarraitzea da gure nahia, asmoa, konpromisoa. Durangoko Azoka gertakari handia da, tamaina handikoa, eta, denon artean, pozez esateko moduan gaude, neurria hartu diogu agerraldi erraldoi honi.

Edozelan ere, Durangoko Azokarentzat eta euskal kulturarentzat ezer estrategikorik badago, hori belaunaldi berrietako euskaldunak zaletasunaren, sorkuntzaren eta eragiletzaren ardatzean ipintzea da; parte hartu, parte izan eta parte eman dezaten. Zale berriak, sortzaile berriak eta eragile berriak behar ditugu.

Durangoko Azokak badu zeresana euskal kulturaren ikusgarritasunean. Eta Durangoko Azokak izan dezake zereginik euskal kulturaren gaztetzean ere. Horretan dugu gogoa eta hori da gaur hemen batzen ditugun eragile guztiei eskaini gura dieguna: euskal kultura geroratzeko estrategia ausarta eta adostua behar dugu. Partekatu dezagun plangintza, banatu ditzagun zereginak eta ekin diezaiogun lanari.

Euskal kulturak oro har, eta Durangoko Azokak zehazki, garaian garaiko izaten jakin du, eta jakin beharko du. Urteak bete ahala berritu. Zahartu ahala gaztetu. Horixe da gure asmoa: 51. Durangoko Azokak jauzi bat izan behar du transmisioan.

Azken batean, helburua betikoa da: euskal kultura geroratzea.

Eta betiko hiru hankak behar ditugu bide hori egiteko: herri-ekimena eta borondatezko lana; sortzaileak eta industria; eta herri-erakundeak eta alderdiak.

Duela 50 urte lehenengo Durangoko Azoka hura gauzatu zutenei guk eskertu diegun moduan, 2065eko euskaldunek ere eskertuko digute munduan bizitzeko berezko kultur nortasuna eman izana.

Orain idazten hasi behar duguna datozen 50 urteetako historia DA!

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn