Bide erdia baino gehiago egin dugu jada, baina Azokan badago oraindino zer egin eta zer ikusi! Laugarren egun honetan ere, abenduaren 7an, ez da aspertzerik izango kulturaren plazan.

Irudienean egitarau oparoa prestatu dute gaurko. "Laburbira" film laburren emanaldia goiz eta arratsaldez egongo da (zortzi lan proiektutatuko dira), eta 12:00etan Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga "Loreak" filmeko zuzendariekin berriketaldia egongo da. Arratsaldean dokumental bi eskainiko dira: "Gure kabuz ala hil" eta "Gure sorlekuaren bila". Azkenik 19:00etan Ben Sharrocken "Pikadero" lana proiektatuko dute, aktoreen eskutik.

Ahotsenean, egunero legez, 11:00etatik 20:00ak arte lotu barik ibiliko dira zuzenekoetan eta solasaldietan. Kontzertuetan, besteak beste, honakoak: Skasti, Hutsa, Bilbomatiks... Solasaldietan izen ezagunak elkartuko dira: Antxiñe Mendizabal eta Maite Gurrutxaga; Harkaitz Cano, Oier Aranzabal eta Rafa Rueda; Miren Amuriza; William A. Douglass eta abar.

Kabi@ren kasuan, komunikabideak izango dituzte hizpide laugarren egun honetan. 10:30ean hasiko dira irrati estazio bat montatzeko tailerrarekin. 15:30ean euskarazko hedabideek sarera begira egindako esperientzien aurkezpena egongo da, eta 18:30ean, hedabideen etorkizunari buruzko mahaingurua.

Umeek zer egin eta zer ikusi izango dute beste egun batez Saguganbaran: ipuin-kontaketak, kantaldiak, tailerrak... Ekimenik bereziena 12:00etan helduko da, "irakurmen-txakurren" bidez. Irakurmena sustatzeko ekimen honen protagonistak Lukas eta Duah txakurrak izango dira.

Areto Nagusian ez da aurkezpenik faltako, bai goizez bai arratsaldez. Gogoetaren plaza ekimenean "belaunaldi arteko zubiak" izango da hautatutako gaia. Sustrai Colinaren gidaritzapean, goizez Jose Mari Agirretxe "Porrotx" eta Itxaro Borda arituko dira; arrastian Danele Sarriugarte, Hedoi Etxarte, Miren Amuriza eta Joseba B. Lenoir.

Szenatokian, San Agustin Kulturgunean, galdu ezinezko hitzordu bat izango dugu 20:00etan. Bertan "Eskutitzak" antzezlana taularatuko da, Itziar Elias eta Izaskun Arandiaren eskutik. Eliasen familiaren istorio erreal batean oinarrituz, lan honek maitasun debekatua du hizpide.

Eguna modu ezin hobean amaituko dugu. Gauero legez, Plateruenan eguna biribiltzeko aukera izango dugu, kasu honetan, gainera, izen handiko kontzertu batekin: Esne Beltza eta bere lan berria!

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn