50. Durangoko Azoka inauguratu DA! Ekitaldi berezia izan genuen atzo, abenduak 4, Szenatokia gunean, San Agustin Kulturgunean. Bertan ospatu zen 50. Durangoko Azokaren sarrera-ekitaldia, eta bertan elkartu ziren Gerediaga bazkide, herri-mugimenduko lagun, Azokako guneen arduradun eta erakundeetako ordezkariak.

Mende erdiko edizio hau mugarria izango da Durangoko Azokarentzat; kulturaren plazak atzera begiratzeko parada hartuko du, aurrera begira ere urratsak ematen jarraitzeko asmoz. Mezu hori entzun genuen atzoko ekitaldian, taularatze berezi baten bidez.

Durangoko alkate Aitziber Irigoras izan zen lehenengo hizlaria: "Ongi etorriak euskal kulturaren topagunera, Durangora! Gure etxean dagoena, bere etxean dago". Alkateak esker berbak izan zituen Gerediaga elkartearentzat: "Eskerrak eman nahi dizuet egiten duzuen ekarpen zintzoagatik. Urte osoan egiten duzuen lana azpimarratu nahi dut, ezinbestekoa baita gure ondare kulturala zaintzeko".

Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeriak, bere aldetik, Azoka zoriondu, eta urteetan egindako lana goraipatu zuen: "Eten barik biziberritzeko adorea izan duzue". Xabier Lete ere izan zuen akorduan, "...lana eginaz goaz aurrera, kate horretan denok batera gogorki loturik gaude...", Azokak egiten duen lanagaz lotuz.

Nerea Mujika izan zen Azoka inauguratzeko arduraduna. Gerediagako presidenteak herri-ekimena, sorkuntza eta erakundeen arteko lankidetza nabarmendu zuen. "Jesarri gaitezen tarte batez bide ertzean. Gogoetatu dezagun zelan egin gazteak bidelagun. Aztertu dezagun munduaren eta euskal herrien mapan. Marraztu ditzagun ibilbideak, adostu ditzagun nondik norakoak...". Horrez gain, euskal kulturak ikusgarritasun nabarmenagoa eta prestigio handiagoa irabazi behar duela gogoratu zuen, "euskal herritar guztien artean, hasteko; eta mundu zabalean ere bai".

Behin Azoka inauguratuta, Iñigo Urkullu lehendakariak hartu zuen hitza: "Azokaren ekarpena izugarria izan da, egokitzen asmatu duzue". Urte hauetan Gerediagak erabaki egokiak hartzen jakin duela azpimarratu zuen, eta aipamen berezia izan zuen Xabier Gereñorentzat. "Zorionak hazten, egokitzen, aldatzen eta hobetzen joan zaretelako. Horregatik dago bizirik Azoka".

Herri-erakundeen ordezkariez gain, kultur sortzaile eta herri-mugimenduko lagun ugari izan genituen taula gainean: Pantxoa Etchegoin (EKE), Mertxe Mujika (AEK-ko koordinatzailea), Katixa Agirre (idazlea), Xabier Olarra (editorea), Ilargi Agirre (Perlak musika-taldeko kidea), Urko Rodriguez (Kurutziaga Ikastolako zuzendaria eta Ibilaldia 2016ko arduraduna), Arantza Arrazola (San Agustin) eta Charles Videgain (Euskaltzaindia).

Ekitaldia borobilduz, hainbat sortzaile izan genituen euren ikuskizunekin ekitaldian parte hartzen: Ikuskizunek ekitaldia borobildu zuten: Josu Bergara kantaria, Asisko Urmeneta marrazkilaria, Yolanda Arrieta idazlea, Maider Yabar oihal-akrobazia, Ingurune Aldagaiak; eta Iosu Florentino eta Aiora Serano aktoreak.

Eskerrik asko denoi! Nerea Mujikak esan zuen bezala, "zenbat kolpe jaso ditugun... baina badakigu dantzan ere!". Jarrai dezagun beste 50 urte euskal kultura geroratzen, idazten, kantatzen, gogoetatzen, gozatzen, eztabaidatzen, ospatzen, eta euskal kultura bizitzen!

Izan da, da eta izango DA!

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn