“YoutuberraDA” lehiaketa antolatu du abenduaren 4tik 8ra Azoka TBk, eta 500€rekin sarituko du bideo onena.

Zer ikusten duzu Durangoko Azokako leihotik? Kontaiguzu euskaraz eta bideo batean, zure egun pasa Durangoko Azokan; zer eskuratu duzun standetan, zein kontzertutan izan zaren, norekin topatu zaren, nork sinatu dizun diskoa… eta zure esperientzia partekatuz, 500€ eskuratu ahal izango dituzu “YoutuberraDA” lehiaketan. Horretarako, bideoa Youtubera igo beharko duzu, eta #YoutuberraDA traolarekin zabaldu Twitterren.

Azoka Egunetan egingo da lehiaketa, eta proposatutako traolarekin partekatutako bideoak Azoka TBn eta Durangoko Azokako webgunean erakutsiko ditugu. Bideo irabazlea zein den, berriz, Azoka TBren Landakoko platoan egingo den “Youtuberrak” saioan jakinaraziko da, abenduaren 8an 19:00etan.

Nola parte hartu

-       Grabatu Azoka gaitzat duen bideo bat euskaraz

-       Zure Youtubeko kanalera igo

-       Twitterren partekatu #YoutuberraDA traolarekin

Lehiaketaren oinarriak

-        Lehiaketan 18 urtetik gorako pertsonak parte hartu ahal izango dute.

-        Ezingo dira adin-txikikoak ezagutzeko moduan atera bideoetan.

-        Parte-hartzaile bakoitzaren ardura izango da lehiaketan parte hartzeko emandako datuak egiazkoak izatea.

-        Durangoko Azokak elementu iraingarriak dauzkaten bideoak lehiaketatik kanpo uzteko aukera izango du.

-        Durangoko Azokak eskubidea du lehiaketan parte hartuko duten bideoak erabili ahal izateko.

-        Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoa betez (15/199), datu zein irudiak, Gerediaga Elkartearen fitxategi batera erantsiak izango dira, elkartearen ekintza administratiboari atxikitu eta lehiaketaren oinarriak betetzeko. Parte-hartzaileak antolatzaileen fitxategian sartu diren datu pertsonalak zuzentzeko, ezeztatzeko edo horiek erabiltzeari uko egiteko eskubidea erabili ahalko du. Eskaera idatziz egin beharko du, Nortasun Agiri Nazionalaren kopia batekin batera, Gerediaga Elkartera: Larrasoloeta 3, 48200 Durango (Bizkaia).

-        Erabiltzaileak lehiaketan parte hartzeak, arau guztiak onartzea dakar.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn