Durangaldeari eta Azokari buruzko oinarrizko informazioa jaso nahi duzu? Non aparkatu, zer ikusi, albisteak irakurri eta autobusen ordutegiak kontsultatu gura dituzu? Bada, Gerediaga elkarteak martxan jarri duen "Durangaldea app" doako aplikazioaren bidez, Azokari eta Durangaldeari buruzko oinarrizko informazioa jaso ahal izango duzu zure sakelako telefonoan.

Aplikazioaren helburua, beraz, honakoa da: Azokara gerturatzen diren bisitariei Durangaldea ezagutzera eman eta informazio praktikoa eta turistikoa eskaini. Erabiltzaileek Durangaldeko herrien informazio laburra topatuko dute bertan: jan, edan eta lotarako lekuen informazioa; leku interesgarriak; kultur ondarea eta zerbitzu praktikoak –aparkalekuak, kutxazainak, gasolindegiak, umeen parkeak eta abar–.

Zerbitzu guztiak, gainera, geolokalizatuta daude, eta, beraz, modu errazean mapan topatu ahal izango dira.

Azokak, bere aldetik, atal berezia du aplikazioan, eta azokazaleek kulturaren plazari buruzko oinarrizko informazioa irakurri ahal izango dute bertan: albisteak, egitaraua, agenda, eta aurten lehen aldiz Gerediagak martxan jarri duen doako autobus-zerbitzuari buruzko informazioa –ordutegiak, geltokiak eta abar–. Egitarau osoaz gain, bakoitzak gustoko duen agenda egiteko aukera ere izango du, gustoko dituen ekitaldiekin.

Aplikazioa Android eta IOS sistemetarako prestatuta dago, eta doan deskarga daiteke. Androiden dagoeneko deskarga daiteke, eta IOSen bihartik aurrera, abenduak 4, deskargatu ahal izango da. Aplikazioa martxan egon arren, modu jarraituan eguneratzeko asmoa du Gerediagak. Hurrengo hilabeteetan eskualdeko norbanako eta eragile ezberdinekin batera aplikazioa elikatu eta osatzea da helburua.

Aplikazio hau Gerediaga elkartearen ekimenez jaio da, Dijitalidadea enpresak garatu du, Euskaltelen babesa izan du eta Di-Da enpresa izan da diseinuaren arduraduna.

 

ANDROID erabiltzaileentzat Play Store-ko deskarga lotura

APPLE erabiltzaileen App store-ko deskarga lotura

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn