- Autobusek ibilbide bi egingo dituzte 30 minutuko maiztasunarekin, Landako Erakustazoka Iurreta eta Abadiñoko merkatalgune eta industriaguneekin lotuz. 4000 autorentzako lekua egongo da.

- Horrez gain, Euskotrenek eta Bizkaibusek zerbitzu bereziak eskainiko dituzte. Gerediaga elkarteak garraio publikoa erabiltzeko deia egiten die herritarrei.

Azoka egunetan aparkatzeko erraztasunak emateko asmoz, aurten lehen aldiz Gerediaga Elkarteak autobus-zerbitzua abiatuko du Landako Gunea eta inguruko herrietako aparkalekuak lotuz.

Herritarrek Iurreta eta Abadiñoko aparkalekuetan autoa utzi ahal izango dute, eta bertatik autobusa hartu ahal izango dute Landakoraino. Autobusek ibilbide bi egingo dituzte (alde batetik Iurreta inguruko aparkalekuetara, eta, bestetik Abadiñora), eta 30 minuturo pasako dira, goizeko 10:00etatik 22:00ak arte, ordutegi jarraituan. Autobusak debalde izango dira, eta aparkaleku horietan egunero 4000 auto uzteko aukera egongo da.

Aparkalekuak honakoak izango dira:

- 1.go ibilbidea (Iurreta): suhiltzaileen alboko aparkalekua (autopistaren sarreran), Mallabiena industriagunea (Lidl eta DIA supermerkatuak) eta Arriaundi industrialdea (eta bere alboan beren-beregi egokitu den lurzorua).

- 2. ibilbidea (Abadiño): Sabeco-Garbigunea, Astolabeitia industrialdea, Astola autobus geltokia, Trañabarrena, Eroski.

Autobus-zerbitzua egunero martxan egongo da abenduaren 4tik 8ra arte. Zerbitzu honen kostua Gerediaga elkarteak hartuko du bere gain, herritarrei Azoka bisitatzeko ahalik eta erraztasun gehien emateko asmoz, eta Durangoko auzokideei ere ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko helburuarekin.

Ibilbidearen-mapa"Durangaldeko app" aplikazioaren bidez ere geltoki zehatzak non dauden eta ibilbideak zeintzuk diren ezagutzeko aukera egongo da.

Bestalde, gertutasunagatik doako autobus zerbitzua bertara helduko ez bada ere, Iurretako Udalak jaietarako egokitutako lurzorua ere erabili ahal izango da aparkatzeko, Aita San Migel plaza inguruan. Iurretako Udalarekin batera, Durango eta Abadiñoko Udalek ere aparkalekuen erabilera laga diote Azokari.

Garraio publikoa, indartuta

Aparkalekuez gain, Euskotrenek bere tren-zerbitzua indartuko du Azokari begira, eta, aurten lehen aldiz, Gipuzkoatik datozen trenen maiztasuna ere areagotuko du. Bizkaibusek ere zerbitzu berezia eskainiko du.

Informazio gehiagorako, honako webguneetan: www.euskotren.eus eta http://www.bizkaia.net/home2/Temas/DetalleTema.asp?Tem_Codigo=195&idioma=EU.

Gerediagak dei egiten die herritarrei garraio-publikoa erabil dezaten.

IBILBIDEEN MAPA HANDIAGO IKUSTEKO EGIZU KLIK HEMEN.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn