Mende erdia pasa da Durangoko Azokaren lehen edizioa antolatu zutenetik. Ordutik hamaika aurpegi erakutsi ditu, milaka liburu eta disko hartu eta beste hainbat eta hainbat datu eta gertakari bildu.

Zenbat stand egon ziren aurreneko urte hartan? Zenbat kokapen izan ditu geroztik? Nortzuk jaso dute Argizaiola saria? Noiztik antolatzen da Ikasle Eguna?

Azokazale mitomanoentzat, hemen, 50 edizio hauek emandako 50 puntu eta kontu.

1) 1965.eko urriaren 30a zen, arratsaldeko 4ak, larunbata. Egun horretan ireki zen Lehen Euskal Liburu eta Diskoen Azoka. Landakon baizik, Andra Mariko elizpean. Eta abenduan beharrean, urriaren 30etik azaroaren 1era.

2) Sortu berri zen Gerediaga Elkartearen lehen ekintzetako bat izan zen- Gerediagak ere aurten ospatzen du bere 50. urteurrena-.

3) Leopoldo Zugazari otu zitzaion lehen aldiz antolatzea. Bera arduratu zen lehenengo urte haietan liburuari zegokion alorraz. Jose Luis Lizundiari esker diskogintza ere bere baitan hartu zuen Azokak. Gerediagako beste kideak izan zituzten bidelagun, Concepción Astola zen orduan elkartearen lehendakari.

4) Frankismoaren diktadurapean egin zen lehen azoka hura, eta helburu nagusi eta argia zuen: Euskal Herriko liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutzera ematea.

5) 25 editoreren ekoizpenak 18 standetan bistaratu zituzten lehenbiziko azoka hartan.

6) Azokaren bigarren edizioan, “Bizkaiko Bertsolari Txapelketa” programazioaren parte izan zen. Jon Lopategik eraman zuen txapela orduan. Urte horretan bertan “Ez dok amairu” taldeak ere emanaldia eskaini zuen.

7) Aurreneko urteetako kartelek gaztelania eta euskara nahasten zituzten, zentsura saihesteko egin zuten modu horretara. 1971. urtekoa da euskara hutsez egin zuten lehen kartela.

8) 1971. urtea Azokara bertaratutako jendetzagatik nabarmendu izan da baita ere. Andra Mariako elizpean aurkeztutako ekoizpena hazten zihoan -33 argitaletxeren 1.050 liburu eta 280 disko jarri zituzten- eta baita horiek ikustera eta erostera gerturatu zen jende kopurua ere. Anaitasuna aldizkarian honakoa azpimarratzen zuten: «Jendeak, ikaragarrizko proportziotan, euskaraz egiten zituen galdeak. Lehenengo egunean, stand batzuek erdaldun saltzaileak bakarrik zituzten. Baina, giroak eraginik, azken egunerako guztiek zuten euskaldunen bat. Ai, egunero hori eginen bagenu!».

1990DurangokoAzoka002moldatuta9) 1974. urtera arte Andra Mariko elizpean egin zen urtez urte Azoka.  

10) 1967an izan ezik, Azokarik gabeko urtea izan zen hura, Andra Mari elizan konpontze-lanak egin zirelako eta baldintza egokietan ezin zitekeelako ezer antolatu.

11) Elizpetik merkatura. Hasierako edizioetan azokak hartutako oihartzuna ez zen sasoiko gobernadore zibilaren gustokoa. Aitzakia bila, erlijio arrazoiak aipatu eta Andra Mariko elizpean egitea galerazi zuen. Merkatu plazan egitea izan zen irtenbidea. “IX Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka” merkatu plazan egin zen. Eta modu horretan merkatu plazan egin zituen urterik gehienak, 1974tik 1996ra arte.

12) Tartean, 1980. urtean, Azokaren kudeaketa profesionalizatzeko asmoarekin, Jon Irazabal historialaria jartzea erabaki zen Gerediaga Elkartean koordinatzaile gisa. Azokaren zuzendari gisa emango ditu hurrengo urteak, 2011.urtera arte, hain justu ere.

13) 1986etik 1988era Euskarazko Liburu eta Disko Azoka antolatu zuen Gerediaga Elkarteak (euskarazko ekoizpenarekin bere osotasunean). Saiakera horrek ez zuen izan antolatzaileek espero zuten erantzuna, ordea, eta ez zen gehiago egin.

14) Merkatutik, karpen azokara eta handik Landakora. Merkatutik, 3000 metro koadroko karpa batera jauzi egin zuen Azokak lehenbizi. Dena den, urtero-urtero Durangora etortzen zen jendetzari esker 2003tik Landako erakustazokara salto egiteko aupada nahikoa izan zuen. Eliz arkupetik merkatuko toldopera, gero karpara, eta handik, balio anitzeko eraikinera.

15) Hiru eta bost egun bitartean iraun dute edizio ezberdinek urte hauetan guztietan, baldintza ekonomikoak, egutegi kontuak… tarteko.

16) 1982. urtetik aurrera “Ikasle Eguna” egiten da azokaren baitan. Euskararen eta euskal kulturaren transmisioa sustatzeko sortu zuten ekimena. Hasieran, Durangaldeko ikasleei zuzentzen zen baina gerora, Euskal Herriko ikastetxe guztietara zabaldu da. Iazko Ikasle Egunean, esaterako, milaka ikasle gerturatu ziren Durangora, horietariko askok bertan antolatutako tailerretan parte hartzeko aukera izan zuten gainera: bikoizketa tailerrak, aplikazio bat sortzeko lantegia…

20121033379durangoko azoka 117) Urte hartan, 1982an, beste ideia bat ere jarri zen martxan: Azokaren kartela Durangaldeko artista bati eskatzea. Gerora, lehiaketa bidez ere aukeratu izan da irudia. Azken urteetan, ordea, artista bati eskatzeko formularekin ari dira berriz lanean. Dena den, proposamen hori zabaldu egin da, eta Euskal Herri osoko artistek egin dituzte kartela geroztik: Nestor Basterretxeak, Itziar Okarizek, Marta Cardenasek…

18) 1985an jende-metaketaren arazoa arintzeko, antolatzaileek bi gune banatu zituzten Azokaren baitan: merkatu-plaza liburuentzat eta Andra Mariko elizpea musikarentzat.

19) Topagune izaera hartu zuenez hasieratik, asko dira Azokaren abaroan egun horietan Durangon egin diren batzarrak: Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordearena, Bizkaizko AEK-rena, Euskal Idazleen Elkartearen eta Euskal Editoreen Elkartearen artekoa... Horrela mintzo Joan Mari Torrealdai gaiari buruz Naiz-en:  Durangokoaren ezaugarri bitxienetako bat niretzako gure bilerak egiteko egun horiek nola erabiltzen ditugun da.

20) Garaian garaiko aurrerapen teknologikoen testigu ere izan da, azoka. Binilioaren arotik, kasetera eta handik CDaren sasoira. Urte luzez liburuak eta diskoak izan ziren jaun eta jabe. Gerora, DVD, bideo eta euskarri askotako ekoizpenak jarri dira ikusgai eta salgai.

21) 1992. urtetik Argizaiola saria ematen du Gerediagak Azoka egunetan, sari honekin euskara eta euskal kulturaren alde egin duten pertsonak zein elkarteak eskertu nahi ditu elkarteak. Lehen omendua Jon Bilbao ikertzaile eta bibliografoa izan zen. Azkena, berriz, Anuntxi Arana antropologoa izan da, iaz jaso zuen Argizaiola. Hemen ikus dezakezu saria jaso duten guztien zerrenda.

22) Herrialde bat gonbidatzeko saioa ere 1992. urtean sortu zen. Beste hizkuntza gutxituen batzuen esperientziak bertatik bertara ezagutzeko jaio zen ekimena. Modu horretan esloveniarrak, georgiarrak, finlandiarrak, katalanak, kurduak, galiziarrak, ijitoak, eskoziarrak eta okzitanoak izan ditugu bisitan.

23) 1990. urteko abenduaren 6koa da Euskaldunen Egunkariaren lehen alea; Durangoko Azokaren 25.edizioaren lehen egunean kaleratu zuten.

Gune-prentsaurrea-denak24) Urte bera izan zen, 1990a, Durangoko Berbaro Elkarteak “Haur Literatura Txokoa” jarri zuena, 12 urte arteko ume eta gaztetxoak literaturaren mundura modu aktiboan gerturatzeko gunea. Gaur egun, Saguganbara du izena.  Azoka eredu berri baten hazia izan zen, ordutik apurka-apurka gune berriak sortzen joan baitira Azokaren bueltan.

25) 2008an, sortzaileek eurek Ahotsenea gunea sortu zuten, Gerediaga elkartearen laguntzagaz batera, beraien proiektuak ezagutarazeko zuzenekoekin edo solasaldien bidez.

26) 2010ean, Irudienea eta Szenatokia guneak ere batu zitzaizkien Azokari, ikusentzunezkoak eta arte eszenikoak ere kultura direla aldarrikatu eta leku propioa ematearren.

27) 2012an sortu zen gune berriena: Kabi@. Kultura digitalaren eredu berrien bueltan elkar ezagutu, esperimentatu eta ezagutarazteko. Horietaz gain, Plateruena Kafe Antzokia ere gune bihurtzen da Azokak iraun bitartean: egunez Azokaren topaleku naturala da eta gauez kontzertu handien espazioa.

28) Gune berri hauen eraketarekin, Durangoko Liburu eta Disko Azoka izen luze eta murriztailea utzi, eta Durangoko Azoka izen ofiziala hartu zuen. Laburrago, eta era berean, zabalagoa, Nerea Mujika Gerediagaren lehendakariaren hitzetan. Bere barruan sartzen direlako gune guztiak, diziplina guztiak. Bide horretan ari gara lanean 2008az geroztik. Guztiok argi dugu hori dela etorkizuneko azokaren eredua. Guztion Azoka, azaldu zuen Mujikak izen berria aurkeztu zutenean.

29) 2003tik da Nerea Mujika (Durango, 1960) Gerediaga Elkartearen lehendakari.

30) Guneen sorrera horretan Koordinazio Mahaia delakoa eratzen da Azokaren antolakuntzaren inguruko erabakiak hartzeko. Bertan batzen dira gune bakoitzeko arduradun diren elkarteak eta erakundeak (Berbaro, Topagunea, EHAZE, San Agustin Kulturgunea, Ahotsenea, Plateruena, Gerediaga, Goiena, EITB)  zein norbanakoak (Gorka Julio eta Mikel Azkarate).

11269961055 c117dd8737 z31) Euren sormen lana Durangoko Azokan erakutsi nahi duten sortzaileek horretarako aukera izan ohi dute. Landutako diziplinaren arabera, gune ezberdinetan  eman dezakete izena: bideoklipak Azoka TBn, trailerrak bailiran antzezlanen zatiak Szenatokian, literatura eta musika aurkezpenak Ahotsenean, euskarazko ikus-entzunezko lanak Irudienean, haurrentzako tailer eta ekintzak Saguganbaran, kultura digitalari buruzko eztabaidak edota tailerrak Kabi@n...

32) Landako Gunean kokatutako Areto Nagusian ere, argitaletxe, diskoetxe, kultur elkarte edota edozein gizarte eragilek lekua edukitzen du bere proiektu edo lan berriaren aurkezpena egiteko.

33) Urte hauetan guztietan milaka ekoizpen aurkeztu dira Azokan; horien artean egon dira aretoak bete dituzten “izen handiak” baina baita inor gutxi ezagutzen zituen “izen berriak”... Dena den, Jon Irazabalek Berrian kontatzen duenez, bakarra izan da publiko ezagatik bertan behera geratu den aurkezpena: “Euskararen etorkizunari buruzkoa zen, eta ez zen inor agertu. Jendeak argi zuen antza etorkizuna zein zen, eta hizlaria eta biok ardo batzuk hartzera joan ginen”.

34) 1996.tik aurrera beste azoka bat izan dugu lagun Durangon; urte hartan egin zuten lehenengoz eskulangintza erakusketa.

35) Horrez gain, hirugarren Azoka paralelo bat ere egiten da herrian; “banatzaile eta kolektibo antikomertzialak” biltzen dituen Durangoko Azoka Alternatiboa.

36) Azokak irauten duen egunetan informazio stand-eko arduradunei hamaika kontsulta eta galdera egiten dizkiete. Anekdota ugari kontatzen dituzte eurak ere: informazio puntuan konpainia egiten dieten galdutako haur edo txakurrak, bakailaoa saltzen duten erakusmahaia non dagoen galdetzen duten bisitariak....

37) Iazko (2014ko) Azokaren hainbat datu: 245 stand, 330 nobedade, 150.000 bisitaritik gora, 150 kultur ekintza (film emanaldiak, aurkezpenak, solasaldiak, eztabaidak, antzerki obrak, haurrentzako jarduerak…)

11270024115 39c3da3faa z38) Landako Erakustazoka astebete lehenagotik alokatzen du gutxi gorabehera Gerediaga Elkarteak, muntaketa lanetarako. Standetako jendea, berriz, egun eta erdi arinago hasten da euren materiala ekartzen. Azoka amaitutakoan, ahalik eta lasterren jasotzen da dena eta pabiloia hutsik geratzen da Azoka amaitu eta hiruzpalau egunera.

39) Ordutegiak. Azken urteetan 10:30etatik 20:00etara zabaltzen ditu Azokak ateak. Asko dira 10:00etan zabaltzen dela pentsatuaz, irekitzean, atean zain izaten direnak; eta beste hainbeste, ateak ixteko orduan, 20:00etan, honi begiratzen eta hura erosten oraindik barrutik irten nahi ez dutenak.

40) Egun horietan, Durango, Euskal Herriko hiriburu kultural bihurtzen da eta hari begira jartzen dira komunikabideak. Iaz, esaterako, 30 hedabideetan lan egiten zuten 150 kazetari, argazkilari eta teknikari egon ziren akreditatuta.

41) Gure mugetatik  kanpoko beste hainbat kazetari ere izan ditugu Azoka bisitatzen, tartean, espainiarrak, frantziarrak, katalanak, bretoiak, ingelesak, eskoziarrak...

42) Antolakuntza berak ere komunikazioari geroz eta garrantzi gehiago eman dio urteak aurrera pasa ahala. 1981. urtean Gerediagak Hego Euskal Herriko herri nagusienetan kartelak jartzeko taldea sortu zuten. Asteburu pasak egiten zituzten kartelak ipintzera joanda: Negua, euria eta txingorra... berdin zen. Taldea sortzen genuen kartelak jartzeko, eta kilometro mordoa egiten genituen Euskal Herri guztian. Iruñera, Hondarribira... Lizarraraino joaten ginen!, kontatzen du Jon Irabazalek.

43) Bost urte beranduago, 1986. urtean, irratirako iragarki labur bat sortu zuten. Gaur egun, kartelez eta irratiko iragarkiez gain, telebistarako spot-a, web-a eta sare sozialak ere baliatzen ditu Azokak.

azoka 2014 - txelu angoitia 3801moldatuta44) Sare sozialak: Facebooken, Twitterren, Youtuben eta Instagramen du Azokak kontu bana.

45) Horrez gain, Azokak irauten duen bitartean streaming bidez emisio jarraitua eskaintzen du Azokako Telebistak, Azoka TB-k,  10:30etik 20:00etara. Aurten elkarlanean arituko dira bertan Goiena, EITB, Hamaika, Kanaldude, Tokikom eta Berria.

46) 2014ean lehengoz auto ekoizpenerako espazio berezia egokituko zuen Azokak: Auto ekoizleen plaza. Hamasei sortzaile bildu ziren bertan. Ez dira, dena den, azokan presente dauden auto ekoizle bakarrak, Musikazuzenean webgunearen standean ere tarte bat izan ohi dute modu horretan ekoitzitako diskoek. Horrez gain, badaude euren erakusmahi propioa hartu izan duten auto ekoizleak  (Iaz: Gose, Bozgora, Katxiporreta, Ene Kantak, Berri Txarrak, Minis eta Lemuria…)

47) Durangoko Azokari omenaldia egin zion Korrika 19k lehengo urtean. Herri honek auzolanean eta elkarlanean lorpen handiak egin ditu. Zalantzarik gabe, horietako bat da Durangoko Azoka, esan zuten AEK-ko arduradunek omendua izendatzearekin batera.

48) Azoka egunetan zenbatezinak dira euskal kulturaz egondako eztabaidak standen arteko karrejuetan, inguruko tabernetan... sortzaileen artean, sektorearen baitan eta baita bisitarien artean ere. Asko dira, era berean, Azokak berak antolatutako solasaldiak, kulturgintzako gai ezberdinak hizpide hartuta.  “Gogoetaren Plaza”-n biltzen dira iaztik horrelakoak. Orduan, Fermin Muguruza, Joxean Muñoz, Maialen Lujanbio… aritu ziren hizkuntza hautuaz, sostengu ekonomikoaz edota transmisioaz.

azoka 2014 - txelu angoitia 3770moldatuta

49) Mende erdiko ibilbidea gorabeheratsua izan da, ordea, eta momentu zailak ere egon dira tartean; debekuak, zentsura, barne krisiak, diru-arazoak…

50) Eta 50 datu zerrenda honetan sartu ez ditugunak baina norberaren buruan iltzatuta geratu direnak. Garaian garaiko aldaketen ispilu izan da Azoka, eta sortzaileen, antolatzaileen, editoreen, kazetarien, euskaltzaleen ... oroitzapenen gordailu. Bakoitzak gehituko du 50. puntu honetan norbere kontua. 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn