Hiru egun intentso bizi izan ditugu eta laugarrenari ekin aurretik, hona hemen aurtengo Azokaz prentsaurrean egindako balorazioaren laburpena.

Balorazio prentsaurreaAzokaren zenbakiez aparte, azoka zelan joan den da garrantzitsua. Azokak entzun egin du, inoiz baino gehiago, berba eman dielako kulturgintzako protagonistei. Azokan berba egin da hizkuntza hautuaz, sostengu ekonomikoaz eta transmisioaz (egingo da, egunean zehar). Azoka bizi egin da, eta bizipen anitzez bete dute gogoa bisitariek. Azoka busti egin da, euriarekin, bai, baina baita pertsona asko eta askoren lanarekin. Azoka bete egin da sorkuntzaz.

Datuetan sartzen hasita: dagoeneko (goizeko 10:00etan) iazko bisitarien kopurua gainditu dela aipatu daiteke, bereziki, Ikasle Egunean antolaketan egin den ahaleginak erantzun ona izan du, iazko joan-etorrien kopuruak bikoiztu egin direlako.

Gogoetaren plazan, sektorearentzako beharrezkoak diren hausnarketak entzun dira, jendeak ondo erantzun du eta arretaz entzun ditu orain artekoak. Baina, datorren urtera begira, sektorearekin aurretik egon eta eurei zuzen zuzenean eragiten digun gaiak lantzeko beharra igartzen dugu.

Azoka berriro izan da arrakastatsua. Arrakastatsua izan da, sektoreari lagundu diolako sorkuntza eta produkzioa ikusgarri egiten eta salmentei eutsi egin zaielako. Arrakastatsua izan da sortzaileen eta publikoaren arteko harremana estutzen lagundu duelako. Eta arrakastatsua izan da, antolatutako ekitaldiak ikus-entzulez bete egin direlako.

Kulturaren Plazaren ibilbidea

Durangoko Azokak eskaintzen duen ibilbidean sortzaileak eta publikoa parez-pare egoten dira. Horrek izaera berezia ematen dio Durangori eta horregatik sortzaileek euren lekua dela sentitzen dute azoka. Szenatokitik, hori nabarmendu dute: sortzaile eta ikusleen arteko harremana eta sortutako giroa antzezlanetan eta aurkezpenetan. 

150 ekitaldiko eskaintzari esker, egitarau oso bati begira dator. Azokazaleak, beraz, Durango Hiriak eskaintzen dien kultur ibilbidea irudikatu du bere buruan eta hori garrantzitsua da. Irudienean, ordu guztietan ez, baina bete egin da egunero zine aretoa. Saguganbarak gainezka egin du behin baino gehiagotan. Kabi@n ere kultura digitala gero eta garrantzia handiagoa
hartzen ari dela ikusten dute.

Topagune den heinean, Plateruenak azokazaleak hartu ditu goizetik gauera, eta gaueko kontzertuak eta ikuskizuna arrakastatsuak izan dira. Azoka TBk aurten platoa eta programazio propioa eduki ditu, azoka amaitzerako 32 saio ekoitziko ditu zuzenean. Elkarlana estua izan da erreferentziazkoak diren hiru hedabideren artean, gainera: Goiena, EITB eta Hamaika Telebista.

Ahotseneak aurten bi karpa ipini ditu, sortzaileen eskari kopuru handiagatik. Erantzuna eman diogu beharrizanari eta ekitaldi gehienak ikus-entzulez bete dira. Hurrengo urtera arte daukagu astia patxada gehiagoz lantzeko gaia da baina batez ere parte hartzea da nabarmentzekoa. 

Industria, pozik

Amets Rodrigez (Musika Industria Elkartea), gustora agertu da: salmentak mantendu dira, batez ere proposamen berriei esker, eta Ahotseneak egitaraua handitzeak lagundu du, adierazi duenez. Olatz Osak ere (Euskal Editoreen Elkartea) balorazio positiboa egin du, jendea etorri delako eta salmentak iazko kopuruetan mantendu direlako, esan duenez. "Eskerrak antolatzaileei, gero eta azoka aberatsagoa antolatzen da; eskerrak jendeari, babesagatik".

Konpontzekoak ere bai

Kulturaren plazak ibilbidea txukun egin du. Balorazioa oso positiboa da, baina dimentsio honetako ekitaldi baten izaten dira konpondu beharrekoak. Proiekzio batzuk ez dira nahi ziren kalitatean eman eta horrek sortzaile batzuk mindu dituela badakigu eta barkamena eskatu nahi genieke publikoki.

Eguraldia ez da gure esku dagoen zerbait eta aurtengo euri zaparraden ondorioz izan ditugu arazo batzuk itoginekin. Arazoari momentuko erantzuna eman badiogu ere, dagokiona badago jakinaren gainean konponbidea emateko. Leku batetik bestera egon den tenperatura aldaketa handiak ere zeresana eman du. Datorren urtera begira, beraz, bada hobetu beharrekoen zerrendan apuntatzekoa.

Sektorearen erreferente da Duragoko Azoka. Hitz egin dugu euretako askorekin aurtengo edizioa zelan bizi izan duten jakiteko. Eta guztiak bat datoz ideia nagusi batekin: kultur sorkuntza eta industriaren produkzioa bistaratzeko plaza ezinbestekoa bihurtu dela Azoka.

Datorrena, 50. edizioa

Egun osoa falta da Azokak ateak itxi aurretik. Baina hasi gara aurrera begirakoak aztertzen. Finantziazioari dagokionez, aurten hasitako lanketa ez dela amaitu esan dezakegu. Kulturgintzan eragin eta batez ere gazteak erakarri nahi baditugu luzera begira egin behar dugu lan. Denon artean lortu behar dugu kultura bultzatzea neurriko inbertsioak eginez. 

Bestetik, 50 urte beteko ditu Durangoko Azokak datorren urtean eta Gerediaga Elkarteak ere bai. Ospakizun handia izatea gustatuko litzaiguke. Baina era berean, eta atzera begira jarriko garen arren, etorkizuneko Azokaren antolakuntzan etengabeko hobekuntza oinarri izatea lehenetsiko dugu.

Amaitzeko, eskerrak guztiei: Gerediaga Elkarteko langile eta bazkideetatik hasita. Eskerrik asko guneetako ordezkariei. sortzaileei, industriari eta publikoari. Aipatu ditudan guztiak barik, ez litzateke horrelako Azokarik egingo.

 

 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn