Landako gunea bor-bor izango dugu abenduaren 5etik 8ra arte. Urtero bezala, bertan batuko dira dozenaka erakusmahai, aurtengo nobedade nagusiekin: liburuak, diskoak, ipuinak, biniloak, ikus-entzunezkoak, egutegiak, saiakerak... Azokako bisitariak hamaika produktu topatuko ditu bertan.

Aniztasuna da Durangoko Azokako ezaugarri nabarmenetako bat. Stand bakoitza mundu bat da: batzuk argitaletxe handiak dira, beste batzuk hasi berriak, hainbat sortzaileren artean partekatzen dituztenak... Autoekoizleen Plaza da, zalantzarik gabe, Landako Guneko erakusmahai berezienetakoa. Bertan batzen dira euren bitartekoekin produktu bat merkaturatzea lortu duten sortzaileak.

Aurten, 14 autoekoizle izango ditugu Autoekoizleen Plazan, eta urtero bezala, oso produktu anitzak eta interesgarriak eramango dituzte Azokara. Honakoak izango dira:

"Zure bihotzean" liburua. Jose Mari Sarasola. Zure barruan zer dagoen ezagutzeko aukera eskaintzen dizun ipuina da. Ipuinarekin batera Ki izeneko panpina sortu du Sarasolak, eta Ki bakoitzak mezu berezi bat darama bere baitan.

"Ekologista naiz, baina..." liburua. Gorka Egia. Nire eguneroko kontsumoa ingurumenaren aldekoa al da? Gorka Egiak kontsumo jasangarrirako oinarrizko gida praktikoa osatu du. Liburuan kantu bat eta animazio-bideoak ere bildu ditu.

"Zaldiaren jokoak. Xakeen historia bat" liburua. Patxi Angulo. Liburuan egileak xakearen jatorriaz dauden hipotesiak azaldu ditu. Horrez gain, munduan zehar egin duen bidaiaz idatzi du, eta, horrekin batera, hainbat xake motaren arauak zehaztu ditu. 80 argazki eta 60 eskema baino gehiago batu ditu liburuan.

"Yoga Kartak - Yogipuinak". Maite Arrese eta Margi Egiguren. Yoga egin, ipuinetan barrena! Egileek yoga kartak egin dituzte: Asanak ikasteko, animaliei buruz gehiago jakiteko, Indiako kondaira zaharrak ezagutzeko edota norberak bere ipuinak asmatzeko.

"Azalerako ipuinak" diskoa. Saroa Bikandi. Haur txikiei eta haien ondoan dauden nagusiei egindako proposamena da. Ahozko tradiziotik eta haur literaturatik jasotako kantu, olerki, hitz-joko eta ipuin laburren bildumatxoa da. Erabili, aldatu. Ukitu, jolastu. Dantzatu, asmatu.

"Menditarrak" diskoa. Bankako Menditarrak. Disko berria aurkeztuko dute Durangoko Azokan. Bertan, abesti tradizionalak eta eurek sortutako kantuak batu dituzte.

"Napardeath" filmea. Katihotsak Kultur Elkartea. "Ataun of the Dead" trilogiaren azken lana aurkeztuko dute. Horrez gain, trilogiako aurreko bi atalak ere eskuratu ahal izango dira, "Ataun of the Dead" unibertsoko puska guztiekin batera.

"Xaxardi" ipuina. Joana Ziganda eta Iker Uribe. Haurrentzako ipuin ilustratu honetan, Xaxardi ardiaren istorioak kontatzen ditu. Nork bere uste eta iritzia izatearen indarra nabarmentzen da ipuinean, ekintza, arrisku eta ustekabez betetako istorio bihurri eta dibertigarrian. Beti buru-argi! Hori da Xaxardiren sekretua.

"Herensugeen itzulera" liburua. Ander Errasti. Errasti-De la Maza familia bergararrak idatzitako ipuin ilustratua, euskaraz eta ingeleraz. Aitak, amak eta seme-alabek parte hartu dute.

"El secreto de Gibola" liburua. Ane Odriozola. Erderaz idatzitako misteriozko eleberria da. Bertan, Nerea izeneko donostiar batek bere aitonaren istorioarekin egingo du topo, aitonak beti ezkutatu diona. 2019ko otsailan, Liburuak estatu mailako Circulo Rojo saria jaso zuen, misteriozko eleberri onenari.

"Kaka dantzaria" ipuina. Bego Goitia. Dantzan egin nahi zuen kaka zati baten istorioa. Bere ametsa bete nahi du: antzoki baten dantzan egin jende guztiaren aurrean. Istorio honen atzean hazkuntza pertsonalarekin lotura duten mezuak aurkituko ditu irakurleak.

"Yoga saioa" diskoa. Maite Eizmendi.  Yoga klase bat da euskaraz, eta klase berbera gazteleraz. Bakoitzak ordu eta erdi irauten du. Musika fondo baten gainean, saioak gidatuta daude.

"Orbanak, burbuilak eta kremazko bonbak" liburua. Silvia Manzana. Nobela grafiko bat da, performance, musika eta kolektibo desberdinei zuzendutako tailerrekin biribiltzen dena. Zer jaten du burbuila batek? Maitasuna egiten dute burbuilek? Matildek ez daki ezer burbuliei buruz. Tristan burbuila bihurtu da. Matildek Tristan maite du eta Tristanek Matilde. Baina nekeza da urruntzen ari den norbaitekin bizitzea, zuk nahi duzuna hura itzultzea bada.

"La casa de la buhardilla" liburua. Maria Romero Fernandez. Ume baten ikuspegitik kontatutako eleberria. Immigrazioari buruzko gogoeta, itxaropenari ateak irekitzeko prest.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn