54. edizioko kartela aurkeztu zuen atzo Durangoko Azokak. Bigarren urtez, sortzaile gazte batek egin du kulturaren plazaren irudia. Txakur Gorria Sormen Kolektiboaren lekukoa Oier Zuñiga (Iruñea, 1986) artistak hartu du. Iruindarrak prentsaurrekoan azaldu zuenez, Azokako ekosistema islatzen saiatu da kartelean.

 

Zuñiga pozik agertu da Durangoko Azokako kartela egiteko aukera izateagatik: "Euskal Herriko kultur sorkuntzak duen erakuslehiorik handiena da Durangoko Azoka eta honek ardura pixka bat sortu zidan. Hala ere, segituan jarri nintzen lanean, nire errealitatetik, nire testuingurutik, ardura horri behar duen lekua eginda baina bidearen oztopo jarri gabe. Horrela ulertzen baitut nik sorkuntza, leku berrien bila etengabean, zarenetik, ordu arte ibilitakoa kontuan hartuz eta nire behatze dorre txikitik ekarpena eginez".

Artista iruindarrak oso lotura estua du kulturaren plazarekin. "Txikitan hasi zen nire harremana Azokarekin, gure belaunaldiko askok bezala. Ikastolarekin lehen bidaiak, gerora lagun arteko planean bilakatu ziren. Batzuetan argi izanda zer eskuratu nahi genuen; besteetan aldiz, parranda egiteko, hau edo bestea ikusteko edo elkartzeko asmo xumearekin. Gustatzen zait azokan sortzen den 'mikro-klima'. Denok ezberdin eta ezezagun, baina konplize aldi berean. Aurtengoa berezia bai, baina beste urte batzuetako planetatik oso urrun ez naiz ibiliko".

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn