Abenduaren 6tik 10era Azokako Saguganbara gunea magiaz eta sormenez beteko da. Urtero legez, hamaika aurkezpen eta ikuskizun egongo dira berton, baina Saguganbara ez da areto soil bat: magiaz beteriko gunea da, sartu eta berehala kutsatzen zaituena.

Dekorazioak horretan zeresan handia du. Azken lau urteetan Eider Eibar (Bilbo, 1980) ilustratzailea izan da eszenografiaren arduraduna. Aurten ere berak izango du ardura, eta, gainera, berritasunekin dator.

Urte batzuk daramatzazu Saguganbara gunea atontzen. Aurten ere errepikatzeko prest?

Bai, aurtengoa laugarren urtea izango da, baina Saguganbara aurretik ezagutzen nuen. Ilustratutako liburuen aurkezpen pilo egin ditut bertan, eta, horrez gain, ikusle eta partehartzailea izan naiz. Beraz, bertako magia zein den banekien. Dekoratzaile lanetan nabilenetik, urtero elementu ezberdin bat aukeratzen dut. Saguganbarako arduradunei pista batzuk eskatzen dizkiet, eta gero energia berezi hori sortzen saiatzen naiz. Ganbara itxura ematen diogu: goxotasuna, zaku telak, trapu zaharrak, amantalak, tela zati ezberdinak elkartu, zaharra berriro erabili... Esentzia hori bilatzen dugu, ipuin baten modukoa bezala.

Eta aurten... zer nolako magia izango du Saguganbarak?

Gune honetan areto bi daude: areto nagusian aurkezpenak egiten dira, eta txikia esperimentazio eta jolasetarako espazioa da. Nik bigarren espazio hau girotuko dut. Guztia ez dugu aurreratuko, baina esan dezakegu aurten gu bihurtuko garela sagu: Saguganbarara sartzen dena sagu bihurtuko da.

Aretoak berak garrantzia hartzen du orduan, ezta?

Bai, horrela da. Dekorazioak kutsatzen zaitu, unibertso bat sortzen da, antzerki baten moduan. Girotzen laguntzen du, eta nik uste erabiltzaileek eskertzen dutela. Magia gehitzea da, berez bertan aurkezten diren lanak oso magikoak direlako. Saguganbara leku berezia da: umeak han egoten dira tripaz gora botata, objektuekin olgetan, esperimentatzen...

Horrez gain, Saguganbara atontzeaz gain, zure lanak aurkeztuko dituzu Azokan?

Bai, nire ilustrazio lanak aurkeztuko ditut. Hasteko, Banilo itsasgarri erraldoien nire proiektu pertsonala aurkeztuko dut abenduaren 8an, 12:30ean Saguganbaran. Horrez gain, Elkarrekin "Akats bat lehenengo lerroan" bilduma salgai egongo da, Garazi Kamiok idatzitako ipuin batean oinarrituta. Elkar eta Berriarekin batera "Mila bidaia munduko sukaldeetara" egongo da salgai. Txiliku idazleagaz egin dugu eta Mugaritz jatetxeko errezetak izango ditu. Azkenik, Badihardugu euskara taldeak bultzatuta "Jira bueltan - Betiko 50 kanta eta jolas" liburua kaleratu dugu.

Bistan da lanez gainezka zaudela... sasoian dago ilustrazioa Euskal Herrian?

Bai, esango nuke ilustrazioak gero eta indar handiagoa duela, ez bakarrik Euskal Herrian, mundu mailan ere. Gainera gaur egun batik bat eskuz eta arkatzez egindako irudiak bilatzen dira: bozetoak, jatorrizko esentzia, trazo apurtua, artistaren bat-bateko sorkuntza... Oso garrantzitsua da, horrela umeek ere gure ofiziaren berri izango dutelako. Urteotan irudia gutxietsita egon da nolabait, fundamentuzko zerbait izango ez balitz bezala. Hori aldatzen ari da, eta irudiak dagokion espazioa berreskuratu du.

Aurten Azokako leloa "Sormenaren lurraldea DA!". Zure kasuan... zein da zure sormenaren lurraldea, zure inspirazio iturria?

Niretzako egoera bat da. Urtetan zehar ikasi dut egoera hori probokatzen, ideiak izateko momentu hori sortzen. Beharrezkoa dut. Ezin naiz geratu inspirazioa noiz etorriko zain. Egoera hori nire buruan pizten ikasi dut, eta, beraz, nire sormenaren lurraldea edozein izan daiteke: dutxan, autobusean, trenean... Buruak hegaz egiten duenean batez ere. Adibidez, piraguan ibiltzea asko gustatzen zait, momentu hori zoragarria izaten da sormena pizteko.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn