Txalap.art Disketxeak ohiko duen kulturartekotasunerako joera jarraituz, euskal kulturarekin modu naturalean uztartzen diren harribitxi bi aurkezten ditu 2017 hontan: Tosta bandaren “TOSTA” aurkezpen diskoa eta ENEKORAren “Maitatzea nahiago”

TOSTA: Tosta banda zazpi kultura txiki bezain aberatsen arteko elkarlanaren ondorioz sortutako Aniztasunaren Orkestra da: Euskal Herria, Eskozia, Galizia, Frisia, Irlanda, Gales eta Kornualles.

Guztiek dute amankomunean kultura txikietako kide izatea, hizkuntza gutxituak hitzegitea eta nazioarte mailan ezagunak diren musika tradizio aberatsak izatea. Eta beraien sustraiak partekatu eta elkarrekin lan egiteko gogoan egiten dute bat batez ere. Lehen aldia da kultura hauetako instrumentu, erritmo, kantu eta estiloak modu gaurkotuan elkartzen direla, sustrai hauetako kantak ber-asmatu eta ber-interpretatzeko.

Tosta bandaren zuzendaritza musikala ibilbide ezagun eta luzea duen Mixel Ducau multiinstrumentista eta sortzailearen esku egon da eta musikariak Oreka TX (Mixel Ducau, Harkaitz Mtnez de San Vicente eta Mikel Ugarte eta Iñigo Egia), Mónica de Nut (Galizia), Gwilym Bowen Rhys (Gales), Rona Wilkie (Eskozia), Marit Talens (Frisia), Caoimhín Ó Fearghail (irlanda) eta Bec Applebee (Cornualles) dira.

ENEKORA: Tradiziotik-gaur egunera eta Afrikatik munduko leku ezberdinetara salto egiten du Enekora taldeak “Maitatzea nahiago” diska berriarekin. 12 kantako lan honetan taldearen eboluzioa nabari da: melodia goxoei erritmo energikoagoak gehitu dizkietelarik. Maitasuna, konfidantza, eskuzabaltasuna, gozamena… lantzen dituzte beraien kantetan. Euskara, gaztelania eta afrikako hizkuntza ezberdinetan abestuaz, munduko kultur aniztasunaren isla da talde berritzaile honen musika.

Eskeintzen diguten ikus-entzunezkoan melodi zirraragarriak, erritmo indartsuak, dantza, proiekzioak... aurki ditzazkegu eta nola ez Kora. Afrikako harpa hau da Enekorak proposatzen digun bidaiaren abiapuntua.

Eneko Larrañaga zestoarra dago musika berezi honen atzean, gitarra, ahotsa, perkusio afrikarra… jo izan dituelarik talde ezberdinetan. Enekora izenpean 2013an “Kora Izpiak” diska atera zuen bakarlari gisa eta oraingoan talde, kanta, diska eta ikuskizun berriarekin dator.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn