Ttarttalo, haurrentzako (eta gurasoentzako) eskaintza ugari eta ezin zainduagoa

Tttarttalok aurten Durangora eramango duen eskaintza haurrentzako (eta gurasoentzako) liburuetan zentratuta egongo da. Eskaintza ugaria (ia bi dozena nobedade), baina, horrez gain, ohi bezala, oso eskaintza zaindua izango da, azalez zein mamiz. Eta betiere euskaraz. Honako hau lagin bat baino ez da...

  • Egiptomania, Emma Giuliani/Carole Saturno. Inon liburu ikusgarririk bada, hau da horietako bat. Neurri handiko liburu leihatiladuna da. Ate bat ireki eta piramide barruko galeriak ikusten dira; beste bat, eta hilkutxa barruko momia. Antzinako Egiptoko munduarekin liluratzen hasteko moduko liburua (+ 9 urte).
  • 100 kontu ondo ezagutzeko giza gorputza, Alex Frith/Federico Mariani. Liburu interesgarri bezain entretenigarri honek giza porputzari buruzko 100 kontu jakingarri biltzen ditu: esnatzen zarenean, 1,5 cm altuagoa zara oheratzean baino; zure hortzak hezurrak baino gogorragoak dira; hatzetako muskuluak besoan daude; bi motatako malkoak botatzen dituzu; milioka akaro bizi dira zure aurpegiko larruazalean; 30 biloi globulu gorri pasatzen dira bihotzetik minuturo... Giza gorputzaren funtzionamendua hobeto ulertzeko tresna bikaina etxeko gaztetxoei zuzenduta. Eta zergatik ez, giza gorputzaren inguruko jakinmina asetu nahi duten helduentzat ere (+ 9 urte).
  • Espazioaren esplorazioaren historia, Stéphanie Ledu-Stéphane Frattini/Jess Pauwels. Liburu honen edukiaz nahiko adierazgarria da azpititulua: Eguzki-erlojutik Marte zapaldu arte. Sintesi bikaina, ezin hobeto ilustratua. Eta irakurleen adinari guztiz egokitua (+ 6 urte).
  • Dinosauro handien liburu handia. Lurra inoiz zapaldu duten izakirik handienekin liluratzeko moduko liburua. Zenbat metro luze zuten, orain dela zenbat urte bizi izan ziren, lehorrekoak zein itsasokoak edota zerukoak. Eta izaki haiek erraldoiak zirenez, liburuak ere lau hedagarri erraldoi ditu (+ 6 urte).
  • Bihotzen sendagilea, Kristien Aertssen. Egunero bezala, prest dira lagunak tearen orduan kartetan egiteko. Baina gaur Hartz lokartu egiten da etengabe, Untxiren belarriak erori egiten dira eta berandutu egin da Kattagorri... Izan ere, buztanera itsatsi zaio Triku! Gaizki hasi dugu eguna gero! (+ 4 urte).
  • O! Soinuak egiten dituen liburua, Hervé Tullet. Honako hau Hervé Tullet artista handiaren azken harribitxia dugu. Oraingoan ere, magiaz betetako liburu bat aurkezten digu, ikasteko eta ondo pasatzeko, bakarka edota lagunekin. Berriro ere, koloretako borobilak dira istorioaren protagonistak, eta haurrak haiekin jolasean aritzeko gonbita jasoko du. Baina oraingo honetan, umeak ahotsa jarri beharko die. Eta, bai, liburuak soinuak egiten ditu! (+ 3 urte).
  • Nondik datoz umeak? Zer dago zure sabelaren barruan? Nola iritsi da umea zure sabelera? Noiz jaioko da? Zikoinek ekartzen al dute umerik? Zertan ari dira tximeleta hauek? Zer jaten du nire anaiak? Zergatik ari da negarrez? Aurkitu erantzunak irudi politez beteriko leihatiladun liburu honetan (+ 3 urte).
Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn