Elkarrek musika-eskaintza zabala egingo du Azokan, esperimentaziotik tradizionalenera

 

Aukera-abaniko zabala eskainiko du Elkar Musikak Durangoko Azokan. Guztira, zortzi nobedade aurkeztuko ditu, tradizionalenetik hasi eta esperimentazioraino.

  • Delorean, Mikel Laboa. CD/LP. Klasikoek beti ametitzen dituzte beraien obraren gaineko begirada berriak. Eta kasu honetan horixe gertatzen da: alde batetik, Laboaren kantak eta, are gehiago, bere ahotsa bera, grabazio zaharretatik berreskuratua; bestetik, berriz, Deloreanen pop elektroniko sendoa. Talde zarauztarra nazioartean oihartzun gehien duten euskal taldeetako bat da, ezbairik gabe. Ez dugu duda egiten Mikel Laboa Azokako izarretako bat izango dela.
  • Rafa Rueda, Hiri kristalezkoa. Mungiarraren lan berri honek arreta piztuko du, zalantzarik gabe, egilearen beraren musikaren kalitateagatik ez ezik hitzetan parte hartu duten idazleengatik ere. Izan ere, Harkaitz Cano, Leire Bilbao, Gotzon Barandiaran, Unai Iturriaga, Miren Amuriza eta Arkaitz Estiballes dira letragileak. We Are Standard taldeko Jon Agirrezabalaga, berriz, diskoari ukitu elektroniko eta dantzagarriak gehitzeaz arduratu da.
  • Beñat Igerabide, Geldialdi bakoitzean. Bere lehen disko Orbainak eder hura plazaratu eta hiru urtera, bigarrenarekin dator Igerabide. Guztira, 13 kantu, goi-mailakoak, funk, rock, folk eta pop estiloetan. Beñaten ahots samurrak entzuleari hurbil dagoela sentiaraziko dio.
  • Beñat Achiary-Joseba Irazoki-Julen Achiary, Bas(h)oan. Hiru musikari handi, tradizioaren eta esperimentazioaren artean. Indarrak batu dituzte Robbie Basho (1940-1986) gitarrista estatubatuarra omentzeko, haren kantuak bertsionatuz.
  • Mikel Urdangarin, Margolaria. 2015.ean bakarka aurkeztu zuen lan sotil haren ondoren, Mikelek banda osoak lagunduta agertzen ditu orain kantu berriak. Margolaria 10 kantu biltzen dituen disko hurbil, eskuzabal eta sendoa da.
  • Maider Zabalegi, Zuei. Maiderrek duela 20 urte utzi zuen atzean Alaitz Telletxearekin eginiko bidai arrakastatsu hura, eta orain, berriz, bere bakarkako lehen diskoa plazaratu du. Guztira, 10 kantu gozo eta koloretsu, ilusio, amets eta sentimentu garbien isla.
  • Juan Mari Beltran, Soinu-tresnak euskal herri musikan (1985-2010). Liburu CD/DVD. Lan hau disko bat baino gehiago musika tradizionalaren monumentu bat da. 1980. hamarkadan, Beltranek grabatu nahi izan zituen euskal musika-tresna adierazgarrienekin jotako piezak, eta horretarako jo zuen une hartan bizirik zeuden jotzailerik onenengana. Disko hau aspalditik agortuta zegoenez, Elkarrek berriz plazaratu du, merezi duen argitalpen zaharberritu txukunean.
  • Maitte-maitte (formatoa: digibook-CD). Haurrentzako (eta gurasoentzako) liburu bikaina. Haurra jaio denetik urtebete egin bitarteko bizipen, sentipen eta doinuak biltzen ditu. Antxon Sarasuak zuzendutako talde batek grabatu ditu kantu ezagunak eta ez hain ezagunak, bertsio orijinalean zein berrituan. Miren Agur Meabek, berriz, kantu bakoitzari bere ekarpena egin dio, eta Maite Mutuberriak ilustrazio ederrez       jantzi.
Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn