Hogeita hamar titulu berri baino gehiago eramango ditu Euskal Herriko Unibertsitateak Durangoko Azokara.

Egungo euskal komikiaren historia (Euskal Literatura), Iratxe Retolazaren ardurapean egindako lana, Euskal Literaturaren Historia Jon Kortazarrek zuzendutako azpisailaren zortzigarrena eta azkena dugu. Mendi literatura, Haritz Monreal ikerzaileak Euskal Herrian eta mundu mailan aztertu du generoa. Wilhelm von Humboldt eta Euskal Herria (Filosofia), euskal nazioari eta hizkuntzari buruz Humboldtek egindako ikerketak jaso ditu Iñaki Zabaleta Gorrotxategi egileak. Bertsolarien ahoz. Modernizazio prozesua eta identitate bideak Gipuzkoan, 1830-1936 (Historia Garaikidea) argitalpenaren bidez, Euskal Herriaren historia ezagutzeko bertsolarien lanek duten balioa erakusten digu Luzia Alberrok. Eromena, azpimemoria eta isiltasuna(k) idazten (Gizarte Zientziak), feminitatearen rol hegemonikoarekin hausten zuten emakumeak psikiatrikoan sartzen zituztela erakusten du Itxaso Martinen ikerketak. Limes bilduman, David Hume pentsalariaren testuak argitaratu dira Saio politiko eta ekonomiko hautatuak titulupean. Eta Legeak–Leyes bilduma elebidunean, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Lege Orokorra, María Nieves Arreseren ardurapean.

Aspaldiko bideari jarraituz, beste hizkuntzetako sona handiko lau testuliburu euskarara itzuli dira: Nazioarteko Harremanak zer diren (Chris Brown eta Kirsten Ainley), Munduaren eskualde geografia (Blanca Azcárate, Mª Victoria Azcárate eta José Sánchez), Antzinateko greziar munduaren historia politikoa (Marie-Françoise Baslez) eta Aljebra lineala ondo egina (Sheldon Axler). Bi osasun gida ere itzuli dira: Botikak bide parenteraletik emateko gida praktikoa (Sendoa Ballesteros eta Irrintzi Fernández) eta 2 motako diabetesa kudeatzeko gida praktikoa (José Contreras eta beste batzuk). Horrez gain, euskaraz sortutako bederatzi eskuliburu publikatu dira paperean: Nazioarteko Harremanetako 14 giltza-hitz (Ander Gutiérrez-Solanak koordinatua); Historiagintzaren ikuspegi berriak (Bakarne Altonaga, Maialen Aranguren eta Aintzane Rincón), UEUrekin batera argitaratua; Hizkuntza-normalizazioa. Planak eta plangintzak ikastetxeetan (Miren Lore Erriondo eta Xabier Isasi); Itzulpengintza literarioaren gida (frantsesa/euskara) (Arrate Aldama, Juan Ibeas eta Lydia Vázquez); Zenbakizko metodoak MATLAB erabiliz (Eugenio Mijangos); Metodologia esperimentala kimikan (Ane Bordagaray Contreras eta beste batzuk); Erizainentzako farmakologia klinikoa (Laura Sáenz del Burgo eta Argia Acarregui); Errepideak. II. liburukia: Trazatua (Heriberto Pérez); eta Elektronika eta kontrol-sistemak. Meatzaritza eta Energia Teknologiaren Ingeniaritzako Gradua (Oihane Abarrategui eta Araitz Iturregi).

Halaber, badaude interes handiko beste hainbat testu: Esaldiak josten (Juan Garzia); 7.000 urte harriz eraikitzen Araban (Luis Miguel Martínez); Euskal zinema bideo bilera. 40 urte zinea eta euskara bultzatzen (askoren artean); Paisaia-ikuspegia eta haren lau dimentsioak (Maider Uriarte), UEUrekin batera argitaratua, eta Arrantza-sektoreko langileen arrisku-faktore psikosozialen hastapenak (Amaia Ituarte eta Alfonso Apellaniz). Eta omenaldietan, honako hauek: Gotzon Aurrekoetxea lagunarterik hara eta Mikel Laboa. Omenaldia, Arte Ederren Fakultateko ikasleek eginiko irudi-lanen laburpena, Mikel Laboa Katedraren bildumako lehenengo publikazioa.

Euskarazko aldizkarietako azken zenbakiak ere eramango ditugu Durangora: Ekaia (zientzia eta teknologia), Tantak (hezkuntza) eta Gogoak (diziplina anitzekoa). Baita ASJU (euskal filologia) aldizkari eleaniztuna ere.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn