Fermin Muguruzaren diskografiaz aparte, aurten hurrengo diskoak izango ditugu ere: La Basuren disko berria “Ni naiz izotz Erregina”, Niña Coyote eta Chico Tornadoren diskografia, JP Lohan eta Klonen Klana eta Ferminen disko berria.

Fermín Muguruza eta The Suicide of Western Culture

Fermin Muguruza eta ‘The Suicide of Western Culture’

Sorkuntza behaketatik abiatu ohi da. Edo bestela, irudimenetik. Baina aldian-aldian badira kasu bakan -eta zorioneko- batzuk, non, biek batera abiarazten duten sormena. Eta horixe gertatu da, hain zuzen, “B-Map 1917 + 100” proiektuan: Ferminek munduko hainbat hiritako errealitateari so egin dio bertatik bertara (Berlin, Bilbo, Belfast, Brazzaville, Buenos Aires, Beirut, Bartzelona... Denak B-z hasten direnak.), eta gure munduko suminduraren, haserrearen eta matxinaden mapa bat marraztu du. Gaur eta hemen. Gaur eta han. Gaur eta leku guztietan. Gauzen egoera. Gauzen beste egoera bat. Orain tokatzen zaiguna.

Bestalde, Fermin ez da mugatzen aldatzeko premia duten errealitateak azpimarratzera; era berean, babes-sarerik gabe jauzi egiten du sorkuntza musikalaren berrikuntza-bideetara. Eta bertantxe batu ditu oraingoan indarrak ‘The Suicide of Western Culture-rekin’, talkazko elektronika jorratzen duen bikote bartzelonarrarekin. Bistan da zein gutxi gustatzen zaion Muguruzari bertan gozo gelditzea, prest baitago a priori bere soka berekoak ez diren musikariekin bat egin (nahiz eta egiazki soka berekoak diren: denak bat datoz-eta borroka-musikarako garaia dela) eta elkarrekin sorkuntza-lantegi batean sartzeko. Arriskatzeko prest beti. Eta sortzeke dauden soinu berrien bila abiatzeko. Musika etorkizunez kargaturiko arma dela sinetsita... Beste musika batzuk posible direlako. Eta beste mundu bat ere bai.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn