BERRI TXARRAK – ONLY IN DREAMS / 52. Durangoko Azoka

                 BERRI TXARRAK taldearen disko berriak ezbairik gabe jakinmin handia piztu du. Hiruko nafarraren azken ekoizpenak bezalaxe, ‘INFRASOINUAK’ disko berria ere Only In Dreams euren zigilu propioan kaleratu eta Durangoko Azokako saltokian izango dute fabrikatik iritsi berri, CD zein edizio mugatuko 180gr-ko binilo gorri-gardenan (dohako deskarga digitalerako kodea ere badakar biniloak). Bill Stevenson (Descendents, Black Flag) entzutetsua izan dute ekoizle oraingo honetan. Taldekideak egunero egongo dira standean disko-sinatzen.

Biniloaren aldeko euren apustuan sakonduz, agortuta zeuden hainbat diskoren berrargitalpenak ere salgai izango dituzte, hala nola: ‘PAYOLA’ (2009, Steve Albinik ekoitzia, LP zuria), ‘HARIA’ (2011, Ross Robinsonek ekoitzia, binilo berde-gardena) eta ‘JAIO.MUSIKA.HIL’ ezaguna (2005, Karlos Osinaga / Ed Rosek ekoitzia, binilo gardena).

Biniloekin amaitzeko, aurtengo Record Store Day egunerako propio kaleratutako 10 hatzbeteko binilo arroxa ere salgai izango dute. ‘BAKARRIK EGOTEKO MODU BERRI BAT’ singleak tirada mugatua izan zuen eta hauxe izango da lortzeko azken aukera, ale bakan batzuk baino ez baitira geratzen. ‘DENBORA DA POLIGRAFO BAKARRA’ disko hirukoitz arrakastatsua ere bertan egongo da eskuragarri, CD zein LP edizio zainduan.

Only In Dreams zigilupean atera zen halaber PEIREMANS+ proiektuaren CD berriena, ‘Bigarren Saria’ izenekoa (Gorka Urbizu, Imanol Ubeda, Txiki ‘Kashbad’ eta Marino Goñi batzen dituen egitasmoa). Bertan egongo da salgai.

Horretaz gain, Badokek Berri Txarraken 20. Urteurrenaren harira grabatu ‘Iragana Aurretik’ dokumentala DVD-an eta ‘Payola’ eta ‘Haria’ CD-ak ere salmahaian izango dira aurten.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn