Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Lanku Bertso Zerbitzuak enpresak, bertsolaritza muinean duten materiala eramango dute aurtengoan ere Durangoko Azokara. Bi berrikuntza izango ditugu aurtengoan, 2017ko ekainean argitaratu zen Jon Maia Soriaren “Berriak jaio ginen” liburua eta “Potx eta Lotx pailasoak herriko festetan” CDa. “Berriak jaio ginen” liburuaren lehen edizioa agortzear denez bigarren edizioa martxan jarri da eta Durangoko Azokarako prest izango da.

Horretaz gain, iaz argitaratu ziren beste produktu hauek eramango dira:

Xabier Amurizaren Hiztegi Errimatua. Hau liburuaren hirugarren argitalpena da. Bertsolaritzan oso erreferente den liburu hau aspaldian agortuta zegoen eta iaz berriro argia erakutsi nahi izan zitzaion bertsolari eta bertsozale askok eskatzen duten produktua baita. Hirugarren edizioak Andoni Egañaren hitzaurrea darama eta itxura berritu zaio azalari.

CDn atalean, Jasota bezala, bertso antologien bilduman, orain arte argitaratu diren hiru CDak bertan izango dira: Imanol Lazkano, Txapelketeta Nagusiak 2016-2009 eta Xabier Amurizaren bertso hautatuak.

Iaz argitaratu zen “Munduko kantu inprobisatua” DVDa ere bertan izango da. 2015-2016ean Munduko Kantu Inprobisatuaren inguruan Euskal Herrian burutu ziren Topaketen harira Mintzola Fundazioak zuzendutako Munduko Kantu Inprobisatuari buruzko DVDa da hau.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2015 liburua +CDa, zeinetan Gipuzkoako Txapelketako fase ezberdinetako bertsoen hauetaketa zabala jasotzen den.

Aurten eta iaz argitaratu ziren berrikuntza horietaz gain, bertsolaritzarekin lotutako hainbat produktu izango dira bertan, “Xalbador izena eta izana” eta “Bertsolari” DVDa, “Mañukorta bertsonajea” liburua eta hainbat egilek autoekoizpenean argitaratu dituzten CDak.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn