Erokomeri – Izan

Hiru urte Euskal herriko hainbat herritako festa eta txoko dantza jartzen ibili ostean gure lehen diskoa grabatzeko jauzia eman dugu. Garate estudioak-en grabatu dugu Martxel Arkarazorekin urriko lehen bi asteetan. 10 kantuz osatutako diskoa dakarkigu, horietako bi instrumentalak direlarik: intro-a eta fandango arin-arina.

Trikiti melodiaren presentzia nabarmentzen den sarrera lasaiak irekitzen du diskoa, jarraian datorren kantuaren hasiera martxosoarekin kontrastatzen delarik. Gainerakoan, erritmo konbinaketa asko aurki daitezkeen diskoa da: kalejira, rock, ska edo reagge erritmoak nahasten direlarik. Erritmo hauei kolorea emanez trikiti doinuak nagusitzen dira, baina hauen gerizpean gitarraren presentzia ere nabarmena da. Zenbait kantutan txistuak ere hartzen du melodia trikitiarekin jolastuz. Orokorrean, esan daiteke disko alaia dela nahiz eta baden kantu lasaiagorik, intro-a edo bals-a tarteko. Bestalde, gure herrian ohitura zaharra den dantza klasikoari buelta bat eman eta fandango arin-arinaren formatu berritzaile bat bilatzen saiatu gara.

Hitzei dagokienez, hainbat lagunen laguntza izan dugu: Ane Labaka, Jon Gurrutxaga, Mikel Etxaburu eta Ekhine Eizagirrerena zehazki. Modu honetan lortu dugu barruan genituen ideia, haserre eta sentipenak kantuen hitzetan isladatzea. Esan daiteke disko kritiko samarra dela eta norbere buruarekin hausnarketa bat egitera bultzarazi nahi izan dugula entzulea, hitzetan jorratzen ditugun gaiak landuz.

Kolaborazio idatziaz gain izan dugu kantuan lagundu digun lagunik ere: Pirritx eta Porrotx eta Iraurgi ikastetxeko abesbatza hain zuzen. Bi kolaborazio hauek parte hartu duten kantetan ukitu berezi bat eman diote, alaitasun sentsazioa transmititzeko asmoz.

Horrela, deskribapen txiki honekin laburbiltzen dugu IZAN izenez deituriko gure lehen diska. Diskaz gain, kamisetan ere izango ditugu salgai Durangoko azokako auto-ekoizleen gunean.

Taldekideak: Asier Aizpuru (Bateria), Eider Iturralde (Ahotsa), Josu Furundarena (Gitarra), Maialen Bastida (Ahotsa), Martin Altuna (Trikitia), Miren Cuerdo (Panderoa eta txistua), Unai Olaizola (Baxua).

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn