Ibar ixil batean disko berria aurkeztuko dut aurten Azokan, 2017ko maiatzan argitaratutakoa. Aurreko lanetan bezala, euskal bertso eta olerkiei musika jarri diet lan honetan eta aurretik landutako kantuei ere melodia berriak sortu dizkiet, doinu zaindu eta leunak erabiliz. Oraingoan, dena den, ekoizpena ere neure gain hartu dut eta aurreko lan horien eta nire kantu ibilbide osoaren laburpen moduan sortu dut diskoa.
Bestalde, bertan bildutako 12 kantuen artean, Oiartzungo herriari eskainitako kantuek leku berezia dute bakarkako bosgarren lan honetan. Hala, Oiartzungo mendietan II ahotsik gabeko melodiak, alde batetik, eta Basarriren Oiartzun zarrari kantuz bertsoen moldaketak, bestetik, leku garrantzitsua dute lan berrian eta herriari diodan atxikimendua agerian uzten dute. Xabier Lete olerkariaren Neguan izan zen poemari ere musika jarri diot eta letra horietarako aukeratutako melodiaren edertasuna nabarmendu du Joxan Artzek.
Egungo gizarteak bizi duen errefuxiatuen dramak ere jaso du nire arreta: Errefuxiatuaren haurrari hitz gabeko sehaska-kanta sortu dut, melodia eder eta zirraragarria. Aurreko lanetan argitaratutako Jean Baptiste Elissambururen Apexa eta lorea eta Aingeru bati olerkien bertsio berriak ere dakartza lan honek, baita Erronkari kantuarena ere.
Neure kabuz egin dut lan honen grabaketa Oiartzungo Mecca estudioetan eta Juantxo Zeberio Etxetxipiak egin ditu abesti guztien moldaketak. Disko berriaren portadarako, berriz, Manu Muniategiandikoetxea sortzailearen laguntza izan dut.
Disko berriaz gain, nire aurreko azken lana ere eramango dut Azokara: Amodioa zer dan (IZ, 2002), XVI. mendeko eta orain arteko amodiozko olerki eta bertsoetan oinarrituta. Horren aurretik, dena den, beste hiru lan ere argitaratu nituen bakarka: Madrilen soldadutzan ari nintzela grabatu nuen Euskal Herriko kantu zaharrak (Philips, 1974); ondoren, Nafarroatik zehar (IZ, 1982) heldu zen, Jorge de Riezu fraideak bildutako Aita Donostiaren kantuetan oinarrituta; eta aurrerago Hemeretzi (Elkar, 1988), mende horretako poesia eta bereziki Sarako Elissamburu olerkariaren lanak ardatz hartuta. 1970 eta 1980ko hamarkadetan Oskarbi taldean ere aritu nintzen eta taldearen Olentzero (Elkar, 1976), Hitz urri batzuk (Elkar, 1976) eta Euskara eta Txakoliña (Elkar, 1979) lanetan parte hartu nuen. Taldearekin makina bat emanaldi ere eman genituen urte haietan eta Madrilgo Ateneoan ere kontzertua eskaini genuen.
1949.ean Bergaran jaiotakoa eta Oiartzunen hazitakoa naiz, aspaldian Donostian bizi banaiz ere.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to TwitterSubmit to LinkedIn