« Volver a la noticias

Albert Sanchez Piñol eta Kirmen Uribe literaturaz barriketan izan dira arratsaldean

07-12-2009  ¦  Gerediaga

Goizalde Landabaso irrati esatariak gidatu du tertulia barre eta esperientzia kontaketen artean.

Albert Sanchez Piñol eta Kirmen Uribe literaturaz barriketan izan dira arratsaldean

Kirmen Uribe ondarrutarrak orain gutxi jaso du Espainiako Narratiba Saria eta Albert Sanchez Piñolek 2002an argitaratutako “La pell freda” liburua, arrakasta handiz zabaldu da mundu zabaleko. 37 hizkuntzatara itzulitako liburu honek “Larrua hotz” izenburua du euskaraz.

Hizkuntzaz eta hiztunez aritu dira hasiera batetik. Hzkuntza gutxituak biak, baina literatura bizia dutenak. Kirmenek adierazi du orain 40 urte euskararen alde egindako lanak fruituak eman dituela, eta honi esker, egun ez dela euskararen biziraupenerako idazten, baizik eta istoriak kontatzeko, “egun euskaraz idazten dugunok, literatura-hizkuntza hori dugulako da”.

Itzulpenek duten garrantzia zalantzan jarri barik, ondarrutarrak esan du inportantea dela gure herrietan sortutako lanak beste lurraldeetara hedatzea, baina, “irakurleari begira idatzi behar dugu idazleok, eta hemen eta honako idaztea ere garrantzitsua da”.

Albert Sanchez Piñolek, literaturarekin esperimentatzea arrisku izan daitekeela aitortu du. Izan ere, idazlearen helburua irakurleari ideiak eta istoriak transmititzea da, eta sarritan, gauza berriekin saiatzeak oztopoak ezarri ditzake.

Gau musikatua

Gauerko bederatzietan Gerard Quintana eta Jabier Muguruzaren kontzertuarekin heldu zaio gauari. Azokak ez du atsedenik hartu. Biharko egunak oraindik ordu eta ekitaldi ugari ditu aurretik.