« Volver a la noticias

Argazkilarien memoria historikoa

07-12-2008  ¦  Gerediaga

Xabi Otero eta Santi Yaniz argazkilariek euren lanbideari buruz zintzo-zintzo berba egin dute Azokan, Lorea Madina kazetariak egin dizkien galderei erantzunez. Aurretik, baina, euren lana ikus-entzunezko baten erakutsi dute.

Argazkilarien memoria historikoa

Argazki asko dituztela, baina “interesgarriak” gutxi esanez hasi dute euren berbaldia. Biak dira, ezagun argazkilari moduan. Argazki liburu asko argitaratu dituzte eta argazkilari moduan lan asko egindakoak dira. Argazki bakoitzaren atzean “esperientzia” bat dagoela nabarmendu dute.

Argazkilarien garrantzia azpimarratu dute. “Memoria historikoa” osotzen egiten duten lana nabarmendu dute horren harira. Eta ostean, gizakien ekintzek paisajea erabat aldatu dutela denbora gutxian aipatu dute. “Eta txarrerako” salatu du Xabi Oterok. Santi Yanizek egiten diren balantze ekonomikoetan paisaia bisualaren ikuspegia ere kontuan hartu beharko litzatekeela gaineratu du.

Argazkiak ateratzeko lekurik aberatsena zein den galdetuta bi aukera egin dituzte. Santi Yanizek, kontrastea gustoko duela esan eta gero, Nafarroa aukeratuko lukeela azpimarratu du, baina kostaldea falta zaiola iritzita. Xabi Oterok, berriz, orain urte batzuk Bizkaiko industriari buruz egin behar izan zuen lanaren ostean, deskubritu zuen “paisaia industriala” azpimarratu du.

Argazki bakoitzaren ostean ordu eta lan asko dagoela esan dute argazkilari biek; gutxitan izaten dira kasualitate. Eta Santi Yanizek esan du “argazki onena beti dela egiteko dagoena”. Gaur egun, teknologia berriek bultzatuta, eta merkatuan era zaharrean lan egiteko aukera gutxi dagoelako, argazki kamara digitalak erabiltzen dituzte beti. Hala ere, Santi Yanizek beti darama aldean pelikuladun kamara.

Eta argazkia manipulatzen duten, photoshop-aren tentaziorik izan duten galdetuta, Xabik beti manipulatu izan dituela argazkiak aitortu du. Argazkia oinarri irudiak interpretatu beti egin dituelako.